Navarra Zirkular NZK ekimenaz mintzatu da Garbiñe Basterra Energia, Ikerketa, Garapena, Berrikuntza eta Ekintzailetza zuzendari Nagusia. “Helburua, Nafarroako enpresek Ekonomia lineal batetik ekonomia zirkularra izatera pasa daitezen da", azaldu du. Sustapen horretan daude eta ekimen horren barruan ezaugarri garrantzitsuenetariko bat "kolaborazio publikoa pribatua" dela azpimarratu du Basterrak.
Enpresak ere jardueraren parte dira eta ez da soilik Foru Gobernuak egiten duen programa bat, enpresek eta bestelako instituzioek ere parte hartzen dute. Publiko-pribatu elkarlan horretan, Nafarroako Gobernutik lau departamentu daude: Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentua; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua; Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamendua; eta Kultura, Kirol eta Turismoko Departamentua.
GAN-NIK eta Sodena enpresa publikoak eta Lizarrako Merindadeko enpresa-elkartea ere bertan daude. Eta, arlo pribatuan 215 enpresa daude eta 50 erakunde laguntzaile.
Elkarlan horretan bi ekintza nagusi garatzen ditu exekutiboak. Basterrak azaldu bezala, batetik, “ekonomia zirkularreko diagnostikoak egiten dizkiegu enpresei”, eta bestetik, “formakuntza eta kontzientziazioa lantzen dugu”. Laburrean, “Navarra Zirkularren enpresei epe labur, ertain eta luzean zer egin dezaketen aholkatzen diegu haien ekoizpena zirkularragoa izan dadin”.