Luis Goñi Uraphexeko kideak azaldu moduan garatu dute “teknologia berri bat foto-oxidazioan oinarritzen dena” eta horri esker prozesu industrialetan, bai hotzetan baita elikadurako prozesuetan ere ura hartu, garbitu eta berrerabiltzen dute.
Bi fasetan hartzen dute ura, Goñik prozesuaren xehetasunak eman ditu: “Alde batetik gai organikoak iragazten ditugu eta bestetik, tratatzen dugu ura”. Desinfektatzaile naturalak sortu eta mikroorganismoak baztertzea lortzen dute horri esker. Eta horrela, erabili den ura berreskuratzen dute.
Bertako enpresekin probak egiten eta garatzen bost urte eman dituzte ideia fintzeko. Phex teknologiari esker material bat garatu zuten ura garbitzea eta berrerabiltzea ahalbidetzen duena. Gainera, jasangarria izateaz gain “errentagarria” ere badela dio Goñik. “Ura berrerabiltzeko tratatu behar da eta orain arte kimiko asko erabili izan dira horretarako”, azaldu du, eta “gure teknologiarekin gai gara ur hori tratatzeko”.
Florettekin lan egiten dute dagoeneko eta aurki bi ekipo sartuko dituzte Volkswagen Nafarroan. Pozik agertu da Uraphexeko kidea “lana ateratzen delako eta baduelako onura inguruan eta gure etorkizunean”.