Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Zentro Europarra da CEIN entitate publikoa Urtero 200 ideia inguru jasotzen dituzte eta uneotan 45 enpresa edo startup daude bertan. Pilar Telletxea CEINeko Enpresa Sorrera Alorreko buruak azaldu bezala, “pertsona batek nahi badu sortu bere ideia, hemen lantzeko tokia eta ekosistema dago, garatzeko eta egiteko”.
Enpresa haztegia da CEIN eta enpresa bakoitzak badu bere txoko nahiz eta sinergia eta elkarlanak sortzen diren. Izan ere, ekintzailetza, berrikuntza, hazkundea eta elkarlana dira haien jardunaren zutabe nagusiak.
Telletxeak elkarlanaren urratsak azaldu ditu: “Unibertsitatearekin lan egiten dugu. CEINera berrikuntzak eta ikerketak ekartzen dituzte. Merkatuan bezeroak bilatzen ditugu. Ekosistema bat sortzen dugu eta orduan hasten da plangintza eta garapena”.
Berrikuntzari dagokionez, “edozein proiektutan, berdin du ikerketa bat edo proiektu tradizional bat den, aplikatzen dugu”, adierazi du Telletxeak. “Bezero batek zergatik erosiko du zurea eta ez beste batena? Jada ikuspuntu horretatik beharrezkoa da berrikuntza”, gaineratu du.
CEINen lau sektore bereizten dira, nekazaritza aldetik AGROFOODTech, osasuna, Digitech eta Green. “Sektore bakoitzak baditu bere desberdintasunak eta bere izaera”, dio CEINeko Enpresa Sorrera Alorreko buruak.
Hartara, haien lanaren fruituaren erakusleiho izaten den CEIN Startup Day antolatzen dute urtero. “Egiten dugun lan guztia hor ikusten da, aukera bat da zerbitzu eta proiektuak erakusteko”, iritzi dio Telletxeak. Bertako eta kanpoko ideiek bat egiten dute bertan, dituzten berrikuntzak eta arazoak agertzen dira eta horretan ere laguntzeko balio du. Gainera, “inbertsioak bilatzeko eta kontaktuak egiteko” hitzordu ezinbestekoa ere bada.