Ekonomia Zirkularra Nafarroan

Eusebio Gainza: “Lehengaia aukeratu, azken emaitza bermatu, eta planeta zaintzen dugu”

Euskalerria Irratia 2024ko abe. 9a, 11:40

Olibondoetatik den-dena aprobetxatzen dute Biosasun enpresan, pertsonen, ingurumenaren eta biodibertsitatearen osasunaz arduratzen baitira. Produkturik osasungarriena egiten eta ingurumena ahalik eta gutxien kaltzen ahalegintzen dira.

Biosasun olibondoekin lan egiten duen enpresa da. Deikaztelun kokatuta daude duela hamabi urte baina 35 urte daramatzate olibondo ekologikoekin. Olio bereziak, ekologikoak eta osasuntsuak egiten dituzte.

Urteak eman dituzte Biosasun enpresan olibondoa, haren olioa, eta bereziki olio horren osagarri preziatuenetakoak diren polifenolak ezagutzeko lanean. Horri esker, produktu ekologikoen euren marka abiarazi dute: OleoHealth, Osasun eta Elikaduraren sektoreetan.

Eusebio Gainza Biosasuneko kideak azaldu du enpresaren jarduna, eta bereziki, polifenolaz mintzatu da. “Ikerketa sakon bat egin genuen jakiteko nolakoa zen gure barietatea, Arroniz barietatea”, azaldu du Gainzak. Ikerketa horretan, beste hamar oliorekin egin zuten alderaketa aztertzeko zenbat polifenol zituen haien olioak, “ikusi genuen gureak besteak baino gehiago zituela”, dio Gainzak.

Orduantxe hasi ziren garrantzia ematen haien marka bihurtu den arte. “Egunero edaten edo jaten baduzu gure olio koilarakada bat, zure odola herdoiltzeaz babestuko duzu”, gaineratu du. Finean, polifenolak azala erreparatzen, zelulak birsortzen eta garatzen laguntzen du.

Elikadura osagarriak ere sortzen dituzte Biosasunen. “Gure olibondoetan 22 polifenol mota daude, bost dira ezagunenak eta besteak ikertzen ari gara”, azaldu du Gainzak eta horietako batzuk hasi dira olioa ez den bestelako produktuetarako erabiltzen. Ikerkuntza, garapena eta berrikuntza prozesu etengabean ari dira. Eta, hurrengo urratsa, nanoteknologia aplikatzea izango da. ‘Nanoprometea’ izeneko proiektuan egingo dute hori eta adineko pertsonendako produktu osasungarriagoak garatuko dituzte. Besteak beste, kremak eta olio oxigenatua, eta immunitate sistema laguntzen duten produktu gourmetak.

Produktu osasuntsuagoa egiteaz gain jasangarriagoa ere egiten dute. Esaterako, olibondoak kimatzean adar txikiak ongarria egiteko edota hezurrak animaliendako pentsua egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!