Duela hamasei urte sortu zen Lacturale lana modu jasangarriago batean egiteko asmoz, bertako produktua eskaintzeko, zero kilometrokoa. Lacturalek kooperatiba baten funtzionamendu eta filosofia dauka. “Sozialki pentsatzen dugu, ez dugu bakarrik errentagarritasun huts eta gogorrean pentsatzen, baizik eta maila sozialean ere bai pentsatzen dugu”, zehaztu du Maite Azpiroz Lacturaleko komunikazio arduradunak. Ingurua zaintzea, kontsumitzaileen osasuna zaintzea eta planeta zaintzea dela haien zeregina gaineratu du.
Ekoizpen integratuko sisteman ziurtatu ziren duela hamasei urte Lacturale markarekin. Azpirozek hitz gutxitan laburbildu bezala, ekoizpen integratua, “gure osasuna, kontsumitzaileen osasuna, planeta eta baita ere animalien ongizatea zaintzen duen ekoizpen sistema da”. Ez baita bakarrik kalitatezko produktuak egitea, baizik eta “kalitatea ematea ongizatea zainduz”.
Aitzindariak izan dira gainera, “ekoizpen integratuko lehenengo esne marka izan ginen duela hamasei urte”, azaldu du Azpirozek. “Balio hauek defendatuta ez zen erreza izan, ez zegoen gaur egun bezala barneratuta”, gainera hezkuntza lan sakona ere egin zuten bestelako balioekin gizartean: “emakumeen kirola babesten ere aitzindariak izan ginen”.
Ekoizpen jasangarrian ongizatea aintzat izateaz gain, autokontsumoa lantzen dute. Geotermia baliatzen dute, lurretik ateratzen den tenperatura berotzeko edo hozteko erabiltzen dute. Eguzki plakak dituzte eta berriki, biogasa jarri dute. “Hondakin bat den geure behien kaka eta pixa energia bihurtzen dugu”, azaldu du komunikazio arduradunak, eta bestalde, “ongarri natural bezala ere erabiltzen dugu”. Banaketa zaintzen dute halaber, “%98a bertako hornitzaileekin egiten dugu”, azaldu du Azpirozek.
Behitegietara bisita gidatuak antolatzen dituzte, eskolentzako zein familientzako jarduerak antolatzen dituzte eta ahalegina egiten dute bere istorioa kontatzeko, “jendeak jakiteko zer dagoen esne edalontzi baten atzetik”. Gogoeta zabaldu nahi dute hezkuntza jarduerekin ere, “kontsumitzaileek eta enpresek ulertzen dute eta balioan jartzen dute gure lanaren atzean dagoen guztia”.
Produktuaz gain, Lacturalen marketina da gako. “Oso zentzuzkoa eta sakona da” Azpirozen hitzetan, ez da azaleko zerbait, “ez da bakarrik kanpokoa ikusi behar, atzean dagoen guztia ere”. Kanpokoa eta barrukoa baloratzen dute Lacturalen.