Gaur egun, gure ekonomia modu lineal batean oinarrituta dago. “Erosten dugu zerbait, erabiltzen dugu eta zakarrontzira botatzen dugu, hori da lineala eta gizakiok asmatu dugu”, azaldu du Mikel Irujo kontseilariak. Izadian ordea, deus ez da lineala, dena da zirkularra da. “Gizakiok asmatu genuen linealtasun hau industria iraultzan”, gaineratu du.
Egungo ikerketen arabera hondakin kopuru honekin jarraituz gero, hiru planeta beharko ditugu 2040an hondakin guzti hauek gorde ahal izateko bakarrik. Beraz, Irujoren hitzetan “sistema aldatu behar dugu eta ez da bakarrik birziklatzea”. Birziklapena bai, noski, baina b asko erabili behar ditugula iradoki du Irujok, “birbalorizatu edo berrerabili, esaterako”.
Nafarroako Gobernuak ekonomia zirkularrak garapenerako ardatza izan behar duela defendatzen dute “etorkizuna delako”. Europako Batasunak bereziki orain dela hamar urte hasi zuen bidea. Ekonomikoki hainbat lege onartu dituzte hori indartzeko, adibidez, erabilera bakarreko plastikoak mugatuz.
Beste adibide esanguratsu bat industrian erabiltzen den ura da. Nola eman bigarren erabilpena? CEINen dagoen Uraphex enpresak teknologia bat garatu du ura garbitzeko eta berriz ere ur hori industrian erabiltzeko. Olio industrialarekin antzeko proiektua diseinatu dute, bioteknologia oinarri olioa berrerabiltzeko.
“Hori da ildoa”, azaldu du Irujok, “estrategikoki kontinente bezala behar dugu”, gaineratu du. Trantsizio horretan Nafarroako enpresak laguntzeko zenbait tresna sortu ditu Foru Exekutiboak CEIN esaterako edota Navarra Zirkular. “Orain dela hiru urte hausnarketa bat egin genuen gasaren prezioa igo zenean energia eraldaketa beharrezkoa zela ez genuen azaldu beharrik. Mundu guztiak ulertzen prezio igoera horrekin autokontsumoa garatu behar genuela, efizientzia energetikoa garatu”, adierazi du kontseilariak. Oraingo erronka hori barneratzea dela iritzi dio. Horretarako ekonomia zirkularra zer den azaldu behar da “enpresendako oportunitate bat” delako.
Sundundegi enpresaren egoeraz ere mintzo da kontseilaria, “azken minutura arte borrokatuko dugu Sunsundegiren alde, hau ez da bukatu. Etorkizuna dauka duela urtebete mahai gainean jarri genuen bezala”. Beste kide industrial baten bilaketan jarraituko dute, beraz.