Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean larunbatean manifestazio nazionala egin zuten Durangon Euskal Herrian Euskaraz taldeak deituta. Landako Gunetik hasita eguraldia lagun izan ez arren jendeak bat egin zuen aldarrikapenarekin. Manifestazioaren ondorengo ekitaldia Unai Iturriaga bertsolariak kantatutako bertso batekin hasi zen. Jarraian, Maddi Arando eta Irene Larrañaga bergararrek Euskal Herrian Euskaraz abesti ezaguna kantatu zuten eta gero iritsi zen EHEko bozeramaileek, Sugoi Etxarrik eta Intza Gurrutxagak irakurritako mezua entzuteko unea. Hauxe adierazitakoa:
“Larrialdi linguistikoa”. “Larrialdi-linguistikoa”, ez da lelo bat, ez da kontzeptu katastrofista
bat. Gure hizkuntzaren, eta ondorioz, gure herriaren egoera sakon aztertuz ateratako
ondorioa da. Euskararen biziberritze-prozesua, azken urtetan geldialdian egon ondoren,
atzerakada-arriskuak eta mehatxuak handituz doaz, oldarraldi edo erasoaldi judizial,
politiko eta mediatikoaren eskutik.
Ez da gure hizkuntza larrialdi-egoeran dugun lehen aldia, are gehiago, egoera askoz ere
okerragoan egonak gara. 50eko hamarkadaren bueltan, egoera latzean zegoen gure
hizkuntza, eta ondorioz, baita gure herria ere. Hil ala biziko egoera hartan, zenbait
euskaldunek sinetsi zuten egoera irauli zitekeela, inposatzen zen normaltasuna, debekuz,
autogorrotoz eta konplexuz betetakoa, puskatu eta utopia propioak, burujabeak,
irudikatzen eta errealitate bilakatzen hasi ziren: gau eskolak, ikastolak, kultur sorkuntza
euskalduna… Ezkutuan, era klandestinoan, haien buruak arriskuan jarriz, lortu zuten:
basamortuaren erdian, historiaren joanak espero gabeko loraldi bat izango zenaren
haziak erein zituzten. Inflexio-puntu horretatik, beste borroka batzuei lorturik, euskara
biziberritze bidean jarri zen, eta gaur egun dagoen egoerara ekarri zuten hilzorian zen
hizkuntza. Txingurri lanean aritu diren euskaltzale ezagun zein ezezagun guzti horiei, gure
esker eta aitortzarik beroenak hemendik.
Beraz, larrialdian gaude, baina egindako borroka guztiari esker, beste puntu batetik
abiatzen gara. Iñaki Iurrebasok, bere ikerketa sakonaren bidez, diagnostiko on bat egiteko
oinarria jarri digu euskaldunoi eta hortik abiatu behar dugu, gure ustez. Bertan
azpimarratzen den bezala, euskaldunok, gure egunerokoan aurkako norabidean doan
korronte indartsu bati egin behar diogu aurre euskaraz bizitzeko saiakera horretan. Eta argi
esan behar dugu: ez da ez dugula nahi, ez da euskaraz badakigula baina ez dugula
erabiltzen. Horiek, instituzioek haien ardurak eta egiturazko arazoak ezkutatzeko sortzen
dituzten aitzakiak dira, indibidualismo- eta despolitizazio-garaietan erraz sinetsi izan
direnak. Ez ditzagun geuk ere argudio horiek erreproduzitu! Arazoa da gure egungo
bizimoduaren erdigunea hartzen duten pantailek, kultura globalizatuaren merkatu
kapitalistan sortzen diren edukiak hizkuntza hegemonikoetan jasotzen ditugula eta
bertako instituzioek ez dutela horri aurre egiteko neurriko erantzunik ematen. Arazoa da
Euskal Herrian hezkuntza sistemek, oraindik ere, ikasleen gehiengoa ez dutela
euskalduntzen eta horren aurrean, iazko abenduan onartu zen Hezkuntza Lege lotsagarria
bezalakoak onartzen dituztela, hezkuntzako eta euskalgintzako eragileen arteko
adostasun sozial zabalei bizkar emanda. Arazoa da, gainera, eskolan euskalduntzea
ukatu zaien horiek edota beste lurralde batzuetatik etorri direnek, oraindik ere, bertako
hizkuntza ikasteko ordaindu behar izatea. Eta arazoa da Nafarroa Garaiko zatirik
handienean eta Ipar Euskal Herrian oraindik ere euskarak ofizialtasuna ukatua izatea.
Horregatik, garbi izan behar dugu larrialdi-egoera hau, ez dela norbanakoon ardura,
baizik eta egiturazko arazoen ondorio.
Eta ez da bizi dugun larrialdi bakarra, krisi-testuinguru betean bizi baikara: krisi klimatikoa,
zaintzena, etxebizitzarena, migrazioena… Eta krisi-testuinguruan, “kasualitatez”, joera
erreakzionarioak indartzen dituzte eliteek, erroko arazoak ikusi eta horiei aurre egin
beharrean, kolektibo zapalduen artean zatiketa eta gorrotoa sortuz. Horregatik,
euskaldunok argi izan behar dugu, euskaldun gisa bizi dugun arazo hau, guztiz lotuta
dagoela beste arazo horiekin, erroan kausa berdina dutela. Izan ere, sistema kapitalista
basati honek ekosistemak, herriak, kulturak, komunitateak, bizitzak… suntsitzen ditu
errentagarritasun- eta homogeneizazio-logiken bidez, gutxi batzuen etekinaren
mesedetan. Horregatik argi eta garbi diogu, ez euskaldun bezala bizi dugun zapalkuntza,
ez euskaldunon aurkako oldarraldi hau, ez direla fenomeno isolatuak, baizik eta
sistemaren oinarrietan eta joera erreakzionarioen gorakadaren testuinguruan ulertu behar
ditugula.
Bi irakaspen, gutxienez, ateratzen ditugu aurreko euskalduntze-arotik: bata, euskararen
biziberritze-prozesua bultzatu duen borroka oso lotua egon dela bestelako borrokekin,
elkar elikatu direla borroka guztiak; eta bestea, euskalduntze-prozesu horren galga
nagusia euskarari ezarritako bigarren mailako estatusa izan dela, hau da, ofizialtasun-eza
lurralde batzuetan eta hizkuntza hegemonikoekiko koofizialtasun desorekatua eta
etengabe mehatxatua besteetan. Bi irakaspen, eta beraz, bi ondorio aurrera begira:
lehenengoa, hurrengo euskalduntze-olatuak, bizi dugun bigarren mailako estatus hori
gainditzeko aspirazioa izan behar duela, eta horrek, ezinbestean, independentzia lortzea
eta Euskararen Errepublika eraikitzeko zeregina erdigunera ekartzea esan nahi du; eta
bigarrena, bide hori, bestelako borroketan dabiltzan mugimenduen eskutik, eta behetik
gora eginen dugula: langile borrokaz, borroka feministaz, antiarrazistaz, sexu-askapen
borrokaz eta bestelako borroka askatzaile guztien eskutik.
Bizi duguna, egiturazko arazoa dela esan dugun bezala, ezin dugu errealitate honen
aurrean dugun ardura ukatu, gainetik kendu. Euskararen auzia despolitizatzetik urrun,
pertsonala politiko gisa ulertuz, bizi dugun egoeraren eta haren kausen kontzientzia hartu,
saretu, antolatu, borrokak piztu eta kaleak hartzeko garaia da! Euskal Herrian Euskarazetik
konpromisoa hartzen dugu, egoerak eskatzen duen neurrian, gure jardunean orain arte
egiten duguna baino gehiago eta hobeto egiteko, edo behintzat, ahalegin horretan
dena emateko; Euskalgintzaren Kontseiluaren baitan, euskalduntze-olatu berriak eskatzen
duen estrategia amankomunaren garapenean, zorroztasunez baina arduraz, gure
ekarpena egiteko; eta tokian tokiko zein nazio mailako beste eragileekin aliantzak indartu
eta sinergiak sortzen laguntzeko.
Izan ere, egoerak, euskalgintzatik haratagoko inplikazioa eskatzen du. Horregatik, dei
egiten diegu, batetik, alderdi euskaltzaleei, haien ardura hartu dezaten eta euskara
bazterretik lehentasunetara ekar dezaten, behingoz! Aitzakietatik ekintzetara pasa
daitezen! Eta bestetik, Euskal Herritik, maila eta eremu desberdinetan, mundua aldatzeko
borrokan ari diren guzti horiei, euskalduntze olatu berri honetara batzeko: gazte
mugimenduei, espazio autogestionatuei, sare komunitarioei, musikariei, artistei,
kulturgileei, eduki sortzaileei… borroka desberdinetan dabiltzan norbanako eta talde guzti
horiei! Zuen hizkuntza-praktikak berrikusi, hausnartu eta pauso bat harago ematera dei
egiten dizuegu. Beharrezko dugun olatu berri honi zuen ekarpena nondik egin
dezakezuen pentsatu eta ekin! Gu hemen egongo gara eraldaketa horietan laguntzeko,
eta zuengandik ikasteko prest!
Euskararentzako espazioak irabazte bidean jarri behar gara, guztion konpromisoz eta
txingurri-lanaren bidez, oldarralditik harroaldira! Geldialditik indarraldira! Goazen! Gora
Euskal Herri euskalduna! Gora Euskararen Errepublika!