Alkoholaren eta tabakoaren kontsumoak azken hamabost urteetako tasarik txikiena du Nafarroan

Euskalerria Irratia 2024ko abenduaren 5a

Bost nafarretik hiruk azken hilabetean edan du eta batek mozkorraldi bat hartu du. Duela bi urteko datuekin alderatuta %10 gutxiago. Tabakoaren kontsumoak ere %10 egin du behera. Pandemiarekin datuok gora egin zuten eta berriz ere beherako joeran daude bi urtean behin argitaratzen den ESTUDES txostenaren arabera.

Alkoholaren eta tabakoaren kontsumoak behera egin du Nafarroan eta azken hamabost urteetako tasarik baxuenera iritsi da. ESTUDES txostenaren arabera alkohol-kontsumoaren ranking kezkagarriaren buru izatetik, estatuko batez bestekoaren azpiko prebalentzia izatera igaro da Foru Erkidegoa.

Hala ere, datuak hobetu diren arren, prebalentzia ez da txikia: 15 eta 64 urte bitarteko bost nafarretik hiruk, azken hilabetean edan dutela adierazi dute, eta bostetik batek azken urtean mozkorraldi bat hartu duela adierazi du. Duela bi urteko datuekin alderatuta %10 inguru jaitsi dira datuok. Nabarmentzekoa da 2022an nafarrak zirela estatuan gehien mozkortzen zirenak eta gaur egun bosgarrenak direla prebalentzia handienarekin.

Bi urtetik behin argitaratzen diren datuen arabera, Nafarroan alkoholaren kontsumoak behera egin zuen 2015etik baina pandemiak inflexio puntua eragin eta berriz ere gora egin zuten datuek.

Tabakoaren kontsumoari dagokionez, bilakaera antzekoa izan da: erretzaileen ehunekoak beheranzko joera zuen azken hamarkadan, baina pandemiarekin gora egin zuen %10ean. Gaur egun, hamar nafarretik bik erretzen du egunero, hamarretik seik noizbait probatu dute eta erretzen hasteko adina 16 urtekoa da.  Hala ere, zigarro elektrikoen kontsumoaren gorakadaz ohartarazi dute osasun adituek, gora egin baitu azken urteetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!