Lanez lepo daude egun hauetan Euskal Herri osoko argitaletxeak eta bertan lan egiten dutenek. Durangoko azokarako dena prest dute honezkero eta Txalaparta argitaletxera jo dugu, bertako editorea den Garazi Arrularekin aurtengo berritasunak errepasatzeko. Euskarazko zortzi nobedade aurkeztuko ditu Tafallako argitaletxeak.
Eleberriei dagokionez, Eztizen Artola, ume motxiladunaren lehenengo eleberria, Gurpilak izenekoa aurkituko dugu erakusmahaian. Ume motxiladunen bizipenak eta sentipenak jasotzen dira lehenengo aldiz lan batean. Beatrice Salvioniren Barrengaizto nobela euskaratu du Fernando Reyk. Bi neskatoren arteko laguntasuna du ardatz, eta Italia faxista agertoki. Joxan Oizek Amazurtza lana proposatzen digu, Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko VII. (H)ilbeltza bekaren testu irabazlea.
Saiakerei dagokionez, Iñaki Petxarromanek Lemoiz. Herri garaipen bat nuklearizazioaren aurka lan mardula aurkeztuko du. Zentralaren itxieraren 40. urteurrena betetzen den honetan, orduko mugimendu antinuklearrean aritutako aktibistak elkarrizketatu ditu. Iratzar Fundazioarekin elkarlanean iritsi da Iparrorratza bildumaren 9. alea: Liluraren kontra. Trantsizio geopolitikoaren argi-ilunak, Martin Arbeoren sinadurarekin.
Komiki eta albumak ere topatuko ditugu nobedadeen artean. Danele Sarriugartek Fun Homen itzulpena egin du. Alison Bechdelek bere aitarekin izan zuen harreman zaila kontatzen du bertan. Dani Martirena eta Ana Ibañezen azken lana ere egongo da eskuragarri, Itsasoa bete urre. Joseba Beramendi Expraik bere aldetik Zu hor eta ni hemen kaleratu du.
Irrintzi Plazan Garazi Arrula editorearekin egin diegu errepasoa nobedadeei.