Irujo kontseilariak azaldu du ekonomia zirkularraren aldeko apustu sutsua egiten ari direla, enpresei trantsizioa errazteko Navarra ZIrkular ekimen publiko pribatua sortuz, CEINeko enpresa haztegian molde horretako startupak lehenetsiz eta batez ere departamentuko diru-laguntza deialdi guztietan ekonomia zirkularrean jardutea puntuatuz.
Ekonomia zirkularra materialen sarrera nahiz erabili gabeko hondakinak murriztea helburu duen estrategia da, baliabideen fluxu ekonomiko eta ekologikoak itxita. Foru gobernuak oro har eta Irujoren departamentuak bereziki, ekonomia zirkularra Nafarroako garapen ekonomikoaren ardatzean paratua dute.
Gaurko saioan, Irujok azken urtean berriztagarrien alorrean Nafarroan baieztatu diren proiektuak nabarmendu ditu: Irunberrin eta Cortesen, aerosorgailuetako palak birziklatzeko lantegia; Caparroson, bateriak birziklatzekoa; eta Barasoainen eta Zangozan, hidrogeno berdea sortzekoa. Guztira 200 milioi euroko inbertsioak ekarri dituzte.
Bestalde, kontseilariak Nafarroako Ekonomia Zirkularreko enpresa arrakastatsuak gero eta gehiago direla azpimarratu du. Saio berezian, Euskalerria Irratiaren mikrofono eta kameren aitzinetik igaro dira horietako hainbat.
Lecta Group paper fabrika taldeko Ion Ferreres Mantenu eta Inbertsio zuzendariak azaldu du enpresa handietan ere guztiz bideragarria dela ekonomia zirkularra. Haiek molde horretan dihardute, eta, Litzakoaz gain, beste zazpi lantegi dituzte Europa osoan. Guztira, 2.800 langile dauzkate.
Lacturale enpresa ertaina da, eta haren komunikazio arduradun Maite Azpirozek azaldu duenez, aitzindaria da Nafarroa Garaian, Hego Euskal Herrian eta estatu osoan ekonomia zirkularrean eta ekoizpen integratuan.
Biosasunek oliba olio birjin ekologikoa ekoizten du. Biosasuneko Eusebio Gainzak azaldu duenez, ekonomia zirkularra muturrera eramaten dute ekoizpen prozesu osoan. Olibondoak kimatzerakoan geratzen diren adarrekin ongarri organikoa sortzen dute; olibekin, olioa ez ezik, elikagai osagarriak; hezurrekin, pelleta.
Uraphex startup-eko Luis Goñik azaldu du prozesu industrialetako ura birgaitzeko phex teknika garatu dutela, substantzia kimikorik erabili gabe, eta foto-elektro-oxidazioaren bitartez. Enpresa sorberria izanagatik ere, Uraphex dagoeneko Florette eta Volkswagen enpresekin lanean hasi da.