Annie Ernauxetaz hitz egitea emakume baten bizitza zeharkatzen duten faktore askotarikoez mintzatu den idazle batetaz hitz egitea da: izan klase borroka, desira, heriotza, abortua edo emakumearen zapalkuntza. 2001 eta 2002 urteen artean Frederic Yves Jeannet idazleak emailez bidali zizkion galderei erantzunez, literaturaren, gizartearen eta, orokorrean, idazketaren inguruan hausnartu zuen, eta elkarrizketa hori liburu batean bilakatu zen ondoren. "Zintzotasuna eta zehaztasuna izan dira elkarrizketa honetan axola izan zaizkidan bakarrak". Halaxe adierazi zuen Ernauxek bere garaian. Zintzotasun horrekin berarekin heldu zion Leire Lakasta itzultzaileak Idazketa labana bat da euskaratzeko lanari.
"Ernauxek lanabes bezala hartzen du literatura, sorkuntza orokorrean", argitu du Lakastak, "idazketa labana bat da hain zuzen balio dezakeelako sistema bera arrakalatzeko, zulatzeko, disekzionatzeko eta beste mundu berri bat sortzeko egindako zulo horren barruan. Berak esaten du hitzak harriak direla eta idazketa, labana". Elkarrizkea formatuko liburuaren hitzaurrea Eider Rodriguez idazleak idatzi du.
Durangoko Azokan bere nobedadeen artean eramanen du Katakrakek Idazketa labana bat da. Lakastak berak aurkeztuko du bertan, Hedoi Etxarte editorearekin batera, Ahotsenean, abenduaren 6an 12:30ean.