Mundua eta Giza Eskubideak zikloan memoriari eta erreparazioari irekiko zaio tartea ostiralean, emanaldi bikoitzarekin. Alde batetik, Iñaki Alforjaren 16.060 egun filma emanen da 17:30ean, José Miguel Etxeberria Álvarez Naparra-ren kasuan murgiltzen den dokumentala. Bestetik, Amaia Merinok eta Ander Iriartek zuzendutako Indarkeriaren oihartzunak emanen da, 19:30ean. ETAk familia bahitu, Estatuak aita torturapean hil eta handik 40 urtera, Tamara Muruetagoienak egiaren eta justiziaren bilaketari ekiten dion momentua errelatatzen du dokumentalak.
Merinok argitu moduan, "Tamarari txikitan gertatu zitzaion istorio gogorra eta tristea berak kontatzen du, baina garrantzitsuena filmean da Tamarak berak egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidean egin duen ibilbidea kontatzen dela". Tamarak kamerari zuzenki begira hitz egiten du dokumentalean, bere familiari gertatutakoa kontatzeko.
Esteban Muruetagoiena aita Oiartzungo medikua zen garaian, ETA-ko komando batek 17 egunez bahitu zuen bera eta bere familia etxean bertan, zauritutako kide bat sendatu eta osatzeko asmoarekin. Horren ondotik, poliziak atxilotu zuen medikua eta egun batzuren ondotik aske utzi. Baina amesgaiztoa ez zen hor bukatu. Esteban eta bere emaztea, Tamararen ama, banandu ondoren, ama-alabak Madrilera joan ziren bizitzera. Artean, poliziak bigarrenez atxilotu zuen Esteban, eta atxilotua zegoenean jasandako torturen ondorioz hil zen.
Zuzendariaren iritziz, jada ez da nahikoa gertatutakoak onartzearekin. "Orain arte, gure dokumentalak egin izan ditugunean, hori nahi genuen. Baina orain tematuta gaude horretaz gain, onarpenaz gain, justizia, erreparazioa eta berriro gertatuko ez denaren bermea lortzearekin".
Film dokumentalak animaziozko atalez osatu dute, Adur Larrea marrazkilariaren eskutik joan direnak.