Uxue Alberdi: “Ez dut idazten inor salatzeko, baina ezta inor salbatzeko ere”

Miren Mindegia Petrirena 2024ko aza. 12a, 19:16

Elgoibarko idazleak 'Hetero' (Susa) bere hirugarren narrazio liburua aurkeztuko du asteazkenean, 18:30ean,  Txalapartaren egoitzan

Arauaren eta arrakalaren arteko tentsioan mugitzen dira Uxue Alberdiren Hetero ipuin bildumako emakumeak. Tentsio horretatik solastatzen dute istorioetako protagonistek, gizonek eurengan utzi dituzten arrastoez, espektatibez eta dezepzioez, isiltasunaz.

Idazle eta bertsolari elgoibarrak asteazkenean aurkeztuko du liburua Iruñean, Txalaparta argitaletxearen egoitzan, arratsaldeko 18:30ean. Ipuinak zeharkatzen dituzten gaietaz hitz egiteko parada izanen du bertan: “Gizon maiteekiko sentitutako dezepzioa, hain zuzen beste zerbait espero zelako. Nire bizipenetik datorren zerbait bada, askotan gertatu izan zaidan zerbait delako. Borroka batean baino gehiagotan beraiekin batera egon naizenaren sentsazioa izan dut eta, maiz, borroka horren barrenean izan ditudan minak azaltzerakoan bakarrik sentitu izan naiz, eta uste dut ez naizela bakarra”. 

Zortzi ipuin bildu ditu Alberdik Susa argitaletxearen eskutik argitaratu narrazio liburuan. Guztiak fikzioaren barrenean sartu daitezkeen arren, idazlearen ahotsa ozenago entzun daiteke ipuin bakarren batean ere: "Laburtutako distantzia bat izan da hain zuzen esateko nik ez nuela fikzio hori asmatu nahi. Nik ez dut idatzi nahi inor salatzeko, baina aldi berean ez dut isildu nahi inor salbatzeko. Uste dut emakumeoi, zeharka edo zuzenean, askotan eskatzen zaigula gizonen alde isiltzeko, gizonen narratibak erosteko eta gure espresioari bridak jartzeko”.

Aitak, maitaleak eta adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”, whatsapp bidezko literatura lezioak, hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Elgoibarko idazleak askotariko ikuspegi eta istorioak bildu ditu bere hirugarren narrazio liburu honetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!