Bere garaian arrakasta handiena izan zuen zinema munduko aktoreetako bat izan zen. Dirutza irabazi zuen, zinemako lehen kontratu milioidunetako bat lortu zuenean. Bere aberastasunaren zati bat bere pasioetako batean inbertitu zuen, autoetan. Bilduma egiteaz eta haietaz gozatzeaz gain, hobetu egin zituen, intermitenteak eta balazta-seinaleak gehituz. Baina Florencek bere burua asmatzailetzat ez zuenez, ez zituen bere asmakizunak patentatu. Florencek bakarrik eta hondatuta amaitu zituen bere egunak. Seguru aski bere buruaz beste egin zuen.
1886ko urtarrilaren 2an jaio zen Kanadan. Aita gurdigilea zuen, eta ama, Lawrence Dramatic Companyko aktore eta zuzendari ezaguna. Hain zuzen ere, horixe izan zen Florencek aukeratu zuen abizena, bere ibilbide artistikoaren hasieratik.
Hiru urte besterik ez zuela, amaren konpainian egin zuen debuta. Biak batera abesten eta dantzatzen agertu ziren oholtzan, agerraldi labur batean.
12 urterekin, istripu batean hil zitzaion aita. Horren ondorioz, amak hiru seme-alabak hartu, eta New Yorkera joan zen bizitzera, amonarekin batera. Han, Florence graduatu arte ikasketetan zentratu zen.
Baina, hori egin bezain laster, eszenatokietara itzuli zen amarekin batera. Amak antzerki konpainia desegin zuenean, berak bakarrik ekin zion bere aktore ibilbideari, arrakasta handiz, gainera.
Hainbesterainokoa, non garai hartan ez baitzen ohikoa aktoreak kreditu-tituluetan agertzea, baina Florencen ospea hainbeste hazi zenez, haren jarraitzaileek haren izena jakitea eskatzen zuten. Ekoizleek "Biograph neska" ezizena jarri zioten, film gehien egin zituen ekoiztetxearen izena, alegia.
22 urterekin Harry Solter izeneko aktore gazte batekin ezkondu zen. Berarekin bi zinema konpainia sortu zituen.
Garai hartan, Florencen izena oso ezaguna zen, zinemako lehen izar handia zen, eta izugarrizko soldata jasotzen zuen. Baina bere ezkontza arriskuan ikusi zuenean, eszenatokietatik aldentzen saiatu zen.
Ez zuen lortu, ordea. Berriro lanera bueltatu behar izan zuen, eta filmaketa batean sute izugarri bat jasan zuen, ondorio fisiko eta psikikoak utzi zizkiona. Berriro lan egitera behartu izanaren erantzule egin zuen senarra, eta, beraz, beragandik betiko bereiztea erabaki zuen.
Sendatzen ari zen bitartean, 35 urterekin auto saltzaile batekin ezkondu zen berriro. Aberatsa eta ospetsua, Florencek bere aberastasunaren zati bat autoen bilduma egitera bideratu zuen, XX. mendearen bigarren hamarkada hartan oso oinarrizkoak ziren makinak. Are gehiago egin zuen: makila itxurako tramankulu bat asmatu zuen, mugitzen zena, autoak alde batera edo bestera biratu behar zuen adierazteko, eta atzeko aldean agertzen zen stop seinale bat, gidariak balazta-pedalari eragiten zionean.
Laburbilduz, Florencek keinukaria eta balazta-argia asmatu zituen. Baina automobil-enpresek ziztu bizian aprobetxatu zituzten asmakizun horiek ez zituen patentatu. Lastima, sutean jasandako ondorioak sendatzen jarraitzen zuenean, lan-eskaintzak eta ekonomia murriztu baitziren.
Gainera, 1929an bere ama hil zitzaion, eta Florencek dirutza gastatu zuen haren hilobian. Hori gutxi balitz bezala, 29ko crackak bikotearen aurrezpen apurrak agortu zituen. Lawrence depresio batean erortzen hasi zen, eta berriro banandu zen.
Denbora gutxi egon zen bakarrik, handik bi urtera berriro ezkondu baitzen, oraingoan tratu txarrak ematen zizkion gizon bortitz batekin. Bost hilabete geroago berriro bereiztu zen.
Hiru ezkontza porrokatu eta zinema-karrera amaitu ondoren, Florence Lawrencek ezin izan zuen gehiago jasan. Horri guztiari bizkarrezur-muineko gaixotasun izugarri eta mingarri bat gehitu zitzaion. 1938ko abenduaren 27an, bere apartamentutik ospitalera eraman, eta ordu gutxira hil zen. Hipotesirik seguruena bere buruaz beste egin zuela da. 52 urte zituen.
Zinemako lehen aktore handiaren gorpua Hollywoodeko hilerrian lurperatu zuten, izenik gabeko hilarri batean, amaren hilobi nabarmenetik gertu. Hamarkada asko geroago, 1991n, aktore batek plaka bat jartzeko agindu zuen. Bertan hauxe dago idatzita: “Biograph neska, zinemako lehen izarra” (The biograph girl, the first movie star). Ahaztu egin zitzaion jartzea "keinukariaren eta balazta-seinaleen asmatzailea".