Denbora gutxian pasa da Sunsundegi Altsasuko lantegian 800 langile kontratatzetik itxiera iragartzera. LAB sindikatuko Sakanako ordezkari, Gaizka Uhartek adierazi du susmoa bazela horrenbeste langilerentzat tokirik ez zuela enpresak.
Zer pasa da aldaketa drastikoa emateko denbora gutxian?
Guk aurreikusten genuen egoera hori. 800 lanpostu sortuko zirela iragarri zutenean pentsatu genuen zaila izanen zela horri eustea, kontuan hartuta egiturazko arazoak zituela enpresak. Ez diete aurre egin arazoei. Nafarroako Gobernuak esan zuen Ignacio Murillo zuzendariak ezkutatu ziela informazioa, baina agerikoa zen egoera
Kudeaketak egin du huts?
Bai, porrot egin du mahai gainean jarritako enpresa-ereduak. 2013an UPNk, Lourdes Goikoetxeak jarri zuen hori aukeran. Garai hartan 30 milioi euro zor barkatu zitzaizkion Sunsundegiri, sektore publikoak ihes egin zuen diru hori barkatuz eta zuznedaritza jarri zuten han euro baten truke eta langileak zor batzuen truke bazkide izatera behartu zituzten. Hortik aurrera, inbertsio berririk gabe eta han behar zuten transformaziorik gabe konstante bat izan da egoera.
Badirudi gobernuak inbertsore bila egindako apustuarekin badela gogoa orain garai hartan egin beharreko transformazioa egiteko. Berandu, baina enpresak badu merkatua eta produktua eta posible da. Hori bai, denbora aurrera doa eta horrek zailtasunak areagotzen ditu.
Zer eskatzen ari zarete?
Alde batetik LAB sindikatuak planteatzen duena da ikertu behar dela zer gertatu den 2013. urtetik hona. Aztertu behar da kudeaketa publiko-pribatua eta ardurak eskatu. Bestetik, inplikatuak gauden agente guztiak exijitu behar dugu transformazioa aurrera eramateko eta produktua duen enpresa aurrera ateratzea. Plan industriala eskatzen ari gara, proiektu bat aurrera eginen diona arazoei.
Gaizka Uharteri egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.