Amaia Zufia (IPES): "Ezin gara munduan dauden indarkerien aurrean inmunizatu"

Miren Mindegia Petrirena 2024ko aza. 11a, 18:54

Astelehenetik ostiralera bitartean, Mundua eta Giza Eskubideak zine zikloak sei film ekarriko ditu Iruñeko Golem zinemetara

IPES Fundazioak Mundua eta Giza Eskubideen 19. zinema erakustaldia antolatu du, Golem Zinemen, Felipe Rinaldi Fundazioaren eta Mugarik Gabe Nafarroa GKE-aren laguntzarekin, Nafarroako Gobernuak diruz-lagunduta. Atzo abiatu zen zikloa, eta ostirala arte luzatuko da, goiz eta arratsaldeko egitarauarekin. Helburua, urtero bezala, giza eskubideen urraketa desberdinen inguruan hausnartzeko eta kontzientzia pizteko espazio bat zabaltzea da, Amaia Zufia IPES-eko kideak argitu moduan: "Indarkeria desberdinek inguratzen gaituzte gure egunerokoan, genozidio bat ikusten ari gara zuzenean, bestelako indarkeriak ere baditugu, sexu indarkeria, lan arlokoa, eskubide desberdinen urraketak... Eta guzti horren aurrean ezin gara anestesiatu".

Goizeko zikloak ikastetxeei bideratuko dira. Urtero ardatz desberdin bat aukeratzen da eta aurten, Zufiak nabarmendu bezala, LGTBI+ eskubideak izanen dira goizeko emanaldien gai nagusia. Te estoy amando locamente (2023), Close (2022) eta Rafiki (2018) filmak dira aukeratutakoak eta bakoitzaren ostean solasaldia egingo dute. EHGAM, Juan Arteaga eta Alicia Pano izango dira hizlari, hurrenez hurren.

Juana Maciasen Las chicas de la estación (2024) izanen da arratsaldeko saioei irekiera emanen dion filma. Hiru neska gazte adingabeen zentro batean hazi dira, baldintzarik gabeko maitasuna zer den jakin gabe. Dirurik ez, eta geltokiko komunetan helduekin hitzorduak edukitzea erabakitzen dute diruaren truke. Juana Macias zuzendaria eta Maria Steelman protagonistetako bat arduratuko dira filmaren osteko eztabaidaz.

Donde vamos a vivir. Mujeres contra el desahucio (2024) filmak etxebizitza duina izateko eskubidea lantzen du. Azaroaren 12an, asteartean, izango da emanaldia eta Georgina Cisquella filmaren zuzendaria izango da solasaldirako gonbidatua.

Lan esplotazioa eta kapitalismoa jartzen ditu mahai gainean Laura Carreira ren On falling (2024) lanak. Lantokiko hormen eta etxebizitza partekatuko bakardadearen artean harrapatuta, Aurora bakardadeari, alienazioari eta elkarrizketa hutsalei aurre egiten saiatuko da. NUPeko Soziologia eta Gizarte Laneko irakasle Begoña Perez Eransusek gidatuko solasaldia. Emanaldia, asteazkenean, azaroaren 13an izango da.

Osteguneko saioan israeldarren okupazioa eta Palestinarren erresistentzia jorratuko dute No other land (2024) filmaren bitartez. Lidon Soriano erizaina, fisioterapeuta eta GKE bateko kideak hartuko du filmaren ondoren hitza.

Ostiralean, doako saioa antolatu dute 16.060 egun (2024) lana ikusteko. Arratsaldeko 17:30ean da hitzordua eta Iñaki Alforja dokumentalaren zuzendaria eta Eneko Etxeberria ‘Naparra’-ren anaia dira gonbidatuak. 19:30ean, Amaia Merino eta Ander Iriarteren lana egongo da ikusgai. Egia, justizia eta erreparazioa landu dute zuzendariek Indarkeriaren oi(h)artzunak (2024) ikus entzunezkoan. ETAk familia bahitu eta Estatuak aita torturapean hil eta handik 40 urtera, Muruetagoienak egiaren eta justiziaren bilaketa nekaezin bati ekingo dio.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!