Ana Ollo: "Sentsazio gazi-gozoa geratu zait merezimenduen dekretuaren onarpenarekin"

Maialen Huarte Arano 2024ko aza. 7a, 13:17

Bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollori sentsazio kontrajarriak sortu dizkio dekretuak, baina zenbait hutsune betetzera datorrela iruditzen zaio: "Epai judizialek sortutako egoera zuzentzera dator. Eremu mistoan aurrera pausoa da euskara baloratu ahal izatea lanpostu guztietan. Euskara herrialde osoan lanpostu guztietan balora dadila aldarrikatzen segituko dugu". 

Bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollori sentsazio kontrajarriak sortu dizkio dekretuak. 

Merezimenduen dekretua gustoko dekretua da Euskara kontseilariarentzat?

Gazi- gozoa da gaia niretzat. Kontuan hartu behar da 2019az geroztik dugun egoera. Hemendik aurrera eremu mistoko lanpostu gehienetan baloratu ahal izanen da berriz ere euskara. Gutxienekoa da hori, iruditzen zaigu eta premiazkoa dela. Dena dela, bi defizit demokratiko garrantzitsuak ditu: eremu ez euskaldunean ez dela balioetsiko eta bestetik, ez nator bat administrazioko lanpostu guztietan baloratu ezin izatearekin. Azken honetan Nafarroako Kontseiluak eragindakoa da hori. 

Euskalgintzak dio euskara gutxiesten duela dekretu honek.

Ez ditut dekretu honen ontasunak defendatuko, baina zein garairekin alderatzen duzun kontuan hartuta hobetu egiten da zenbait aspektutan. 2015arekin alderatuz gero ez da hobera egiten, 2017arekin alderatzen badugu bai. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2019an emandako epaiaren ondoren, atzerriko hizkuntzak baloratzen ziren garai haietan, ez ordea euskara. 

Miguel Sanzen garaian euskara gehiago hartzen zen aintzat orain baino. Atzera egitea da hori.

Ez da guztiz egia euskararekiko tratamendua hobea zenik garai haietan. Merezaimenduen puntuazioak oraingoak baino txikiagoak ziren, plaza batzuetan baino ez ziren baloratzen. Orain, plaza guztietan hartu ahalko da aintzat. Egia da, Osasunbidean eremu mistoko plaza guztietan baloratzen zirela baina 2019an Nafarroako Kontseiluak ez zuen trabarik jarri horretarako orain egin duen bezala. 

Zer ematen dio dekretu honek euskarari?

Dekretua epai judizialek sortutako egoera zuzentzen du. Arauketa berri bat falta da: eremu mistoan euskara ez zen zenbatzen oposizio lehiaketa edo lekualdatze bakar batean ere, eta bai ordea, ingelesa, frantsea eta alemana. Aurrera pausoa da hori egungo egoerarekiko, baina euskara Nafarroa osoan lanpostu osoan balora dadila aldarrikatzen segitu behar dugu. 

Ana Ollo presidenteordearekin egindako elkarrizketa osorik entzun daiteke argazkian klik eginda.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!