Euskalerria Irratiaren ‘Flop Kultura’ bidepodcasta, Rikardo Arregi sarietako finalista

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko aza. 6a, 10:50

Danel Pascual eta Eneko Garcia, joan den denboraldiko saioetako batean.

Azaroaren 27an izango da sari banaketa ekitaldia Andoainen, eta han nortzuk diren aurtengo saridunak jakinarazteaz gain, ohorezko mugarria ere emanen diote Ana Galarraga Aiestarani.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak izendatu ditu aurtengo finalistak. Bi sari nagusi emanen dituzte, biak maila berekoak, bederatzina mila eurokoak: Kazetaritza saria bata, eta Komunikazio saria bestea. Bi sarietarako launa finalista izendatu ditu epaimahaiak. Zortzi finalista horien arteko bi izanen dira, beraz, aurtengo saridunak.

Komunikazio sarian, finalista izendatu dute Euskalerria Irratiak ekoizturiko Flop Kultura bideopodcasta. Epaimahaikideen arabera, “Danel Pascualek eta Eneko Garciak (edo, goitizenez, Divina Comediak eta Albina Stardustek) egiten duten saio honek “bi trabesti eszeptikoren ikuspuntua” eskaintzen dute asteartero pop kulturaren inguruan, fribolitatearen zilegitasuna bere eginez eta harro aldarrikatuz, dragaren eta LGTB kolektiboaren erreferenteak darabiltela, berezko umorez eta inolako zurruntasunik edo marra gorririk gabe, euskal kulturak orain artean izan dituen gaien errepertorioa zabalduta. Kalean gazteak mintzo diren euskara sasikoari ere muzin egin gabe”. Garciak eta Pascualek bigarren denboraldia hasi beri dute. Hemen aurki daitezke orain arte egindako saio guztiak.  

Komunikazio sarian beste hiru finalista izendatu dituzte. Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak "Mundua ulertzeko bideoak leloarekin, bideo labur, erakargarri eta dibulgatiboak ekoizten ditu hainbat gairen inguruan: filosofía, historia, ekonomia, ingurumena". Berria egunkariaren Ezer ez eta festa podcastak "euskarari (hzikuntzari) buruzko podcast bezala aurkeztu zuten, baina saioa azalpen linguistikoetatik harago doa", arlo sozial eta ekonomikoak ere jorratuz. Irene Arrarats Lizeaga Berria-koeuskara taldeko arduradunak eta Maialen Berastegi Catalan zuzentzaile eta itzultzaileak aurkezten dute. Azkenik, EITBren Ez hain ondo podcasta Irati Perez psikologoak eta Ane Zuazabiskar kazetariak egiten dute, osasun emozionala landuz.

Kazetaritza sarian, beste lau finalista izendatu dituzte. June Fernandez kazetariak Argia aldizkarian argitaraturiko Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa? erreportajea; Jon Artano Izetak ELkar argitaletxearekin plazaraturiko Juana liburua; Berria egunkarian Maite Asensiok, Amaia Igartuak eta Isabel Jaurenak egindako elkarrizketa sorta; eta Bada gazteon hedabidea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!