Haizea Lizarbe: "Gustatuko litzaigukeena baino okerrago hasi da Errigoraren udazkeneko kanpaina"

Miren Mindegia Petrirena 2024ko aza. 5a, 15:41

Eskaerak egiteko hamar egun gelditzen direnean, Nafarroa erdialdean eta hegoaldean euskara sustatzea helburu duen egitasmoaren udazkeneko kanpaina hotz hasi dela aitortu dute antolatzaileek

Bertako ekoizleen produktuak erosiz Nafarroa erdialdean eta hegoaldean euskara sustatzen duten proiektuak laguntzea. Errigora egitasmoaren oinarrian hiru ardatz aurkitzen dira: euskara, lurraldeko produktuak eta auzolana. Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpaina duela astebete abiatu zen, urriaren 24an, eta azaroaren 14ra arte egin daitezke eskaerak. 

Ekimeneko kide Haizea Lizarbek aitortu bezala, kanpainaren hasiera ez da espero zuten bezain ongi abiatu eskaerei dagokienez. "Hala ere, horrek elkartasun kanpaina bat abiarazi du eta horretan gaude". Aurreratu gisa, heldu den larunbatean eginen da kutxak atontzeko auzolan erraldoia, urtero bezala, eta ordurako eskaerak hobetu izana espero du. 

Aurtengo Euskarari Puzka kanpainak hiru saski ditu: Saski Beltza, 55 eurokoa, zonaldeko produktu tipiko konbentzionalekin (zainzuriak, orburuak, teilak, ardoa…); Saski Berdea, 65 eurokoa, produktu ekologikoak ohikoak eta berritzaileagoak ere (zainzuriak, dilistak, orburuak, konbutxa tea, ardoa…); eta Saski Gorria, 75 eurokoa, produktu bereziekin eta eguberrietarako eskaintza bereziarekin (ardo apartsua, beltza eta txuria; patxarana, polboroiak, turroia, ardi gazta…). Gainera, saskiekin batera 'Agertuz' karta-jokoa eskatu ahalko da bost euroren truke, gehigarri gisa.

Kanpainan biltzen den diruaren %25 zuzenean Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzara bideratuko da, besteak beste, AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldiko eragileek jasoko dute ekarpena haien jarduna aurrera eramateko beharrezkoa duten baliabidez hornitzeko.

Eskaerak errigora.eus webgunean edota eskuorrien bitartez egin daiteke. Azken horiek herriko arduradunari edota izendatutako puntuetan utziz gauzatu daiteke eskaera eta saskia Euskal Herriko 200 herri baino gehiagotan jasotzeko aukera izango da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!