GIZALABAK

Guerrilla Girls, museoetako bazterrak astindu zituzten borrokalariak

Unai Lako Goñi 2024ko urr. 22a, 19:34

Gizalabak atalean Bakarne Atxukarro Guerrilla Girls mugimenduaren inguruan aritu da

New York, 1984ko maiatza. Kulturaren munduak eta hiriko gizarteak ezinegonez itxaroten zuten ekitaldi bat. MoMAk, bere museorik garrantzitsuenetako batek mundu osoko 165 artistak osatutako erakusketa handi bat inauguratuko zuen. Komisarioaren arabera, egileak eta obrak hoberenak ziren, eta bertan uneko artistarik garrantzitsuenak zeuden. Norbaitek haien lanak han aurkitzen ez bazituen, pentsatu beharko zuen ea zergatik.

165 artista horien artean 13 emakumeren lanak baino ez ziren agertzen. Emakume artista guztiek berrikusi eta hausnartu behar al zuten haien balioaz? Hori izan zen inaugurazio egunean artista feminista talde batek emakumeak artean zuen ikusezintasuna salatzeko antolatzea erabaki izanaren eragilea; Guerrilla Girls izena zuen taldeak.

Bere lehen ekintzak New Yorkeko leku jendetsuetan kartelak itsastea izan ziren, galerietatik eta museoetatik gertu. Haietan salatzen zuten emakume artisten edo zuriak ez zirenen? presentzia txikia.

Baina oso modu errebelde eta berritzailean egiten zuten salaketa hura. Irudiak oso umoretsu eta erakargarriak ziren. Jendeak oso gustukoak zituen.

Gainera, taldearen jarduteko modua gerrillaren oso antzekoa zen, eta horrek herritarren miresmena eragiten zuen: talde txiki independente baina ondo antolatua, herritarren laguntzarekin, etsai indartsu baten aurkako borrokak egiten baitzituzten, ezusteko efektuarekin jolasean. Gauez iristen ziren, eta ironiaz betetako kartelekin dena papereztatzen zuten. Haietan irudiak ez ezik, datuak ere agirian uzten zituzten. Izan ere, Guerrilla Girls zorrotzak ziren datu eta estatistika horiek aukeratzen, bazekitelako horrek sinesgarritasuna ematen ziela beren protestei.

Bestalde, karteletan jendearen, bildumagileen edo erakunde artistikoen arreta erakartzen zuten, esaldi batzuen  bitartez. Beno, kartelak bakarrik ez. performanceak, flashmobak, bideoak, podcastak... denetarik egiten zuten !

Modu anonimoan mugitzen ziren, gorilen maskara iletsu bat aurpegian, minigonaz jantzita, eta sarezko galtzerdiekin, oso punk jarrera errebelde batean. Batere ohikoa ez.

Ordurako hilda zeuden Frida Kahlo edo Gertrude Stein bezalako emakumeen izenak erabiltzen zituzten, helburuak azpimarratu nahi zituztelako, ez haien nortasuna edo ibilbide artistikoa.

Gerrillen errebindikazio-ekintzak dibertigarriak eta festazkoak ziren, ironikoak beti, baina kritika soziala galdu gabe.

Bere lanik ezagunena collage bat da, non New Yorkeko Metropolitan Museumi emakumeak objektu gisa erabiltzea leporatzen dioten , museo horrek ez baititu ia emakumeen lanak erakusten, baina bai haien gorputzak.

1992an, bestalde, protesta ekintza bat egin zuten New Yorkeko Guggenheimeko zuzendariaren aurka, eta milaka postal arrosa banatu zituzten museoaren egoitza berriaren inaugurazioaren aurkako mezu batekin. Bertan, gizonezko artista zuriak baino ez zeudela baieztatzen zuten. Milaka postal bidali ziren eta, gorila-maskarak zeramatzaten emakume asko bildu ziren inaugurazio egunean museoaren aurrean protesta egitera.

Guerrilla Girlsek arrazakeriara edo antikolonialismora hedatu zituen bere aldarrikapenak. Diskriminazioaren erantzuleak izen propioekin eta publikoki salatzeko estrategia hartu zuten, eta erakunde edo pertsona horiek zer egin zuten gaizki zehaztu zuten.

Taldearen ekintzak New Yorketik mundu osora hedatu ziren. Material grafikoak komunikabideek eta publizitateak kopiatu zituzten. Kartelak, foiletoak eta ikus-entzunezkoak mundu osoko arte museoetan erakutsi ziren. Hitzaldiak eman zituzten, eta telebista, irrati, solasaldi eta mahai-inguruetan parte hartu zuten.

Zoritxarrez, protesta-ekintzak hasi eta hamarkada batzuk geroago, haien aldarrikapenek ez dute eragin handirik izan museoetako emakumeen presentzian. Beraz, esan daiteke gerrillen benetako garrantzia arazoa ikusaraztea lortu izana dela, desberdintasun-egoera bati izen-abizenak eta zenbakiak jarri izana eta, gainera, umorez egin izana. Museoetan emakumeen arteak presentzia handiagoa izatea etorkizun dago  oraingoz.

Gaur egun, Guerrilla Girls ez da existitzen jatorrizko formatuan. Gaur egun, hiru taldek erabiltzen dute izena, eta lehendabiziko taldearen oinordekotzat  jotzen  dute beren burua hirurek. Horietako bat antzerkikoa da, eta Estatu Batuetan zehar bidaiatzen du emakumezko  aktoreek zineman eta antzerkian paperik ez dutela salatzeko. Beste biak arte bisualeko taldeak dira, eta emakumeak artean ere duen bazterketa  salatzen dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!