Pobreziarekin Amaitzeko Nazioarteko Eguna da gaur. Nafarroan 117.000 herritar zaurgarri daude. 2023ko datuak jarri ditu mahai gainean Europako Pobreziari Aurre Egiteko Sareak. Parametro bat baino gehiago erabili ditu ezagutu ahal izateko zein egoera bizi dugun egun: norbanako edo familia bakoitzaren errenta, enplegua eta kontsumorako gaitasuna. Hartara, pobrezia arriskuan leudeke gurean herritarren %17, 2022an baino 2,7 puntu gehiago eta 2015ean baino 3,3 puntu gehiago. Pobrezia arriskuak 93.000 herritarri eragiten die: herritar horiek dute esaterako 10.900 euro baino gutxiagoko errenta. Eta zifra hori 2008az geroztik bikoiztu baino gehiago egin da. Eta pobrezia larrian egon daitezkeenen egoera izan liteke kezkagarriena: 52.000 lagun inguru daudelako 7.300 euroko errenta jasotzen urtean.
Pentsioetara begiratuta ere, datuak ematen dituzte: Nafarroan pentsioa jasotzen duten herritarren %28 pobreziaren atalasetik gertu daude. %11, pobrezia larritik gertu. Lan egiten ari diren herritarren kasuan, lan bat dutenen %13 bizi da pobrezian erortzeko arriskuan, eta zenbateko hori bikoiztu egiten da bizilagun hori migratzailea bada. Pobrezian bizi diren herritarren artean, 10etik hiruk du lanpostu bat. Zein sektore dago egoera okerragoan? Bada, nekazaritza eta etxebizitzetan garbiketa lanetan aritzen direnena. Ostalaritza eta eraikuntza dituzte segidan. Zailtasun gehigarriak ere ikusten dituzte. Etxebizitzaren prezioaren igoera edota oinarrizko zerbitzu eta produktuen garestitzea.
Pobreziaren eta Gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako Sareak hilabete osoa darama pobreziaren inguruko ekimenak egiten: "Denon inplikazioa ezinbestekoa da egoerari aurre egiteko", esan du sareko kide Gara Gonzalezek. Pertsona zaurgarrienek, pobreenek eskatzen dute ez diezaietela zeharka begiratu. Errudunak baino, arduradunak daudela argi dutela esan du Gonzalezek. Euskalerria Irratian Gara Gonzalezi egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.
Ekitaldiak goiz eta arratsaldez
Goizean parlamentuan eginen dute ekitaldia Pobreziaren eta Gizarte-bazterketaren Kontrako Sareko kideek eta arratsaldean, beste zenbait entitate sozialekin batera kalera aterako dira: elkarretaratzea eginen dute Iruñeko udaletxe plazan 18:00etan 'Pobreziaren aurrean bat eginda, gorrotoaren aurka tinko', goiburuarekin.