Alfonsina Storni, idazlea traba guztien gainetik

Miren Mindegia Petrirena 2024ko urr. 15a, 17:06

Emakume Idazleen Nazioarteko Egunaren harira, Alfonsina Storni ekarri digu gaur Bakarne Atxukarrok 'Gizalabak' sekziora

Atzo emakume idazleen eguna ospatu genuen; beraz, zorionak horretan diharduten gizalaba guztiei. 

Eta, horren harira, gaurko gizalaba, idazle bat da, nola ez bada! Baina hasi baino lehen abesti zatitxo bat entzungo dugu, pista gisa:

ENTZUN

Alfonsina eta itsasoa. Hori da abesti horren izenburua. Eta bertan, Alfonsina Storni poeta eta idazle argentinarraren amaiera tristea kontatzen da.

Baina nor izan zen emakume hura?

Hasteko, esan beharra dago 1892ko maiatzaren 22an Suitzan jaiotako argentinar bat izan zela gure Alfonsina.

Gurasoak Argentinako San Juan hiriko garagardotegi baten jabeak ziren, baina Alfonsina jaio  baino urtebete lehenago itzuli ziren sorterrira, eta Argentinan utzi zituzten bi seme-alaba zaharrenak.

Horregatik, lau urte gehiago besterik ez zuten iraun bikoteak eta haurtxo txikiak Suitzan. Gero, berriro itzuli ziren Argentinara, San Juanera, eta Alfonsinak haurtzaroa bertan eman zuen.

Txikitatik ezaugarri nagusia izan zuen irudimena. Maiz gezurretan aritzen zen, eta istorio harrigarriak kontatzen zituen, nahiz eta horien eraginez zigorrak jaso.

Eskolara joan zen, baina 10 urte zituela utzi egin behar izan zuen, familiaren negozioko zerbitzari izateko. Lan hura ez zuen batere gustuko. Hori zela eta, ahal izan zuenean, etxetik ospa egin zuen, eta aktore lana lortu zuen.

1907an izan zen, 15 urte zituenean. Biran zegoen antzerki-zuzendari bat Alfonsinaren herrira iritsi zen. Aste Santua zen, eta Pasioaren Eszenak antzezteko helburua zuen. Alfonsina entsegu guztietara joan zen, eta, horren ondorioz, testu guztiak buruz ikasi zituen. Obra estreinatu baino bi egun lehenago gaixotu egin zen San Juan Ebanjelariarena  egiten zuen aktorea, eta Alfonsinari gizon bat antzeztea axola ez zitzaionez, ordezkatu egin zuen. Hurrengo egunean, prentsak bere emanaldia goraipatu zuen, eta zuzendariak urtebeteko bira egitera gonbidatu zuen.

Dirudienez, esperientzia hark piztu zion bokazioa, zeren, itzuli zenean,
bere lehen antzezlana idatzi zuen, Un corazón valiente.

“Farandulera” abenturaren ondoren, zaila izan zen berriro familia erritmora egokitzea. Etxeko lanek ez zioten atsedenik hartzen uzten; izan ere, amari josten lagundu behar izaten zion, eta eskolako lanak egiten anaia txikiari. Gainera, familia miserian bizitzera behartzen ari ziren aitaren mozkorraldiak jasanezin bihurtu ziren.

Beraz, etxera itzuli eta urtebetera, Alfonsinak behin betiko utzi zuen bere etxea landa-maistra ikasketak amaitzera joateko. Eta bai, titulu horrek ateak zabaldu zizkion hainbat ikastetxetan irakasle aritzeko.

Garai hartan  Monos y Monadas aldizkarian argitaratzen ere hasi zen antzezlan batzuk eta bere lehen olerkiak. Bere izena hedatzen ari zen.

Baina zerbait gehiago behar zuen, eta, 19 urte zituela, Buenos Airesera joan zen bizitzera, garai hartako intelektualen artean mugitzeko asmoz. Jende anitz ezagutu zuen han, eta urtebete geroago seme Alexandro erditu zuen. Inoiz ez zuen esan nor zen aita.

Bizkortu zen bezain pronto, kutxazain lana lortu zuen farmazia batean eta, ondoren, denda batean. Alde batetik,  sosa behar zuen, haurra aurrera ateratzeko; baina, beste alde batetik, bere arima ere elikatu behar zuen , eta horregatik hasi zen kolaborazio batzuk egiten Caras y Caretas aldizkarian.

Egun batean lan-eskaintza bat aurkitu zuen, non olioa inportatzen zuen enpresa batek gutun komertzialak eta esloganak edo publizitate-abisuak idatziko zituen norbait behar zuen. Alfonsina lan-elkarrizketara aurkeztu zenean, ehun hautagaien artean emakume bakarra zen, eta gogor ekin behar izan zion epaimahaiak onar zezan probetan. Azkenean, azterketa egiten utzi zioten, eta postua lortu zuen. Hori bai, emakume izateagatik, berrehun pesoko soldata zuen, aurreko langileak laurehun kobratu arren.

Lan horrekin, bere egoera ekonomikoak hobera egin zuen, eta, horri esker, bidaiak maiz egin ahal izan zituen. Bidaia horiek berak idatzitako poemak eta prosa munduan zehar erakusteko probestu zituen.

Etxean, poemak eta prosa argitaratzen hasi zen literatur aldizkari batean. Han sail iraunkor baten ardura izatera iritsi zen.

1916an La inquietud del rosal poesia liburua argitaratu zuen. Bertan, emakume batek zituen desioak adierazten zituen, eta, inolako konplexurik gabe, ama ezkongabea zela deskribatzen zuen.

Egia esan, liburuak ez zuen arrakasta handirik izan. Izan ere, Alfonsinak ezin izan zion inprimatzaileari ediziorik ordaindu. Hala ere, liburu hau argitaratzeak idazleen  arteko giro chic  hartan sartzeko aukera eman zion, eta, gainera, hori lortu zuen lehen emakumea izan zen.

Hala ere, liburu hura jasotzen ari zen kritika sozialen ondorioz, Alfonsinaren laneko nagusiek ez zuten ondo ikusi moraltasunik gabeko liburu baten emakume egileak han lan egitea. Jarraitzeko proposamena egin zioten, horrelakorik berriro idazten ez bazuen. Baina idazleak ez zuen onartu, eta alde egin behar izan zuen.

Berriro kalean, lan bila hasi zen, eta ikastetxe bateko zuzendari izatea lortu zuen. Gero, eskola hartatik  eta arrebaren etxetik hurbil zegoen pisu batera joan zen bizitzera. Horri esker, literatura-topaketetara joan ahal izan zen, semea arrebarekin geratzen zen bitartean.

Geroztik, idazten jarraitu zuen etengabean,  eta literatur emanaldietan eta hitzaldietan parte hartzen zuen. Bere izena ezaguna egiten ari zen.

30 urte zituela, irakasle gisa sartu zen pobreziaren ondorioei aurre egiteko sortutako erakunde batean. Erakunde horretan, gaizki elikatutako haurrak zeuden. Alfonsina ez zen gustura sentitzen lan horretan, eta utzi egin zuen.

Baina, orduko hartan, ez zen deus gertatu. Idazle handia zen, mirestua, nazioan eta nazioartean ezaguna. 

Languidez liburuak Buenos Aires Hiriko Udal Literatura Saria eta Bigarren Literatura Sari Nazionala irabazi zituen. 

Ocre poema-liburuak aldaketa ekarri zion bere poesiari. Bere poesia, batez ere maitasunezkoa, gai feministarekin lotu zen, eta Modernismotik aldendu eta mundu errealera gehiago begiratzen saiatu zen.

Musika eta Deklamazio Kontserbatorioko katedra bateko titular izendatu zuten; Gaztelania eta Aritmetikako irakasle ere izan zen eskola batean, eta, gainera, Noel doktoreak izendatu zuen Udal haur antzerki taldeko zuzendari. Irakurketako eta deklamazioko irakaslea izan zen Hizkuntza bizien eskola arruntean.

Baina, ospeak eta arrakastak ezin zuten saihestu bakardadeak eta neurosiak min egin ziotela osasun mental kaskarrean.

Gainera, 1935ean, 43 urte zituela, bularreko minbizia diagnostikatu zioten, eta ebakuntza egin zioten. Mastektomiak orbain fisiko eta emozional handiak utzi zizkion. Beti izan zituen depresioa, paranoia eta nerbio-erasoak, baina orduan gogortu egin ziren buruko gaixotasunaren sintomak. 

Giltzapetu egin zuen bere burua. Adiskideak saihesten zituen, eta haiekin bazegoen, beti mesfidantzarekin.

Hiru urte gehiagoz iraun zuen bizirik, eta estimatzen zuten pertsonak laguntza ematen eta zaintzen saiatu ziren. Baina ez zen batere erraza izan.

1938ko urriaren 25ean, asteartea, goizeko ordu bata aldean, Alfonsina Stornik bere gela utzi, eta La Perla hondartzara joan zen, Mar de Plata hirira, eta han itsasora bota zuen bere burua. 46 urte zituen.

Alfonsina Storniren suizidioari buruzko bi bertsio daude: bata, ikertzaile eta biografo gehienek onartzen dutena, harri-lubeta batetik uretara bota zela dioena; eta bestea, kutsu erromantikoa duena, itsasoan poliki-poliki barneratu zela dioena.

Eta hori da Mercedes Sosaren abestiak adierazten duena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!