Carlos Gimeno: "Hezkuntza Ituna proposatu diet hiru urterako"

Euskalerria Irratia 2024ko urr. 14a, 13:58

"Eskua luzatua" duela jakinarazi du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak negoziaziorako. "Bere esku dagoen guztia" egiteko prest azaldu da hezkuntza publikoko sindikatu guztien ordezkariekin batzartu ostean. "Hiru urterako Hezkuntza Ituna izan daitekeena jarri diet mahai gainean. Ratioen jaitsiera, lan zamaren txikitzea eta errefortzurako 1.000 ordu gehiago", azaldu du Gimenok. 

Bere esku dagoena egiteko prest azaldu da Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria. "Nire eskua luzatua dute beti sindikatuek. Euren ekarpenak jasotzeko prest nago", gaineratu du Gimenok. Hezkuntza publikoa ahalik eta onena izan dadin profesionalen baldintzak egokiak izan behar direla esan du, horrek emanen diolakoan kalitatea hezkuntzari. " Aurreko bileran helarazteko genuen proposamena jarri dugu gaur mahai gainean", esan du. "Hezkuntza Ituna da eskaini diedana. Hiru urterako baliagarria litzatekeen eta ondoren azertu eta jarraipena emateko aukera lukeena", azaldu du. 

Ratioen jaitsiera, 23 ikasle gehienez Haur Hezkuntzarako eta progresiboa izanen litzateke jaitsiera Lehen Hezkuntzarako ere, 1.000 orduko errefortzua Haur eta Lehen Hezkuntzarako, karga burokratikoa arintzea eta arautzea 55 urtetik gora 1.600 irakasleren zuzeneko-eskolak txikitzea. Oraindik ez du argitu  zenbateko aurrekontua izanen duen neurri horiek guztiak betetzeko, baina Gobernuaren beste alorrekin lan egiten ari dela jakinarazi du.

Urriaren 29rako sindikatuek aurreikusia duten greba bertan behera gelditzea espero du Gimenok, ez duelakoan lortuko greba horrek hobekuntzarik hezkuntza publikoan, kalteak baino ez familiei.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!