GIZALABAK

Noiva do Cordeiro, Brasilgo herri matriarkala

Miren Mindegia Petrirena 2024ko urr. 9a, 17:10

Gizalabak atal berri honetan, Bakarne Atxukarrok emakume baten historia ez, herri oso batena ekarri digu

María Senhorinha de Lima Brasilen hazi zen XIX. mendean, herrialdea kolonizatzaile portugaldarren matxismoan eta katolizismo dogman murgilduta zegoenean.

Ezkontzera behartu zuten, eta, handik 3 hilabetera, Mariak ihes egin zuen benetan maite zuen gizon batekin, Chico Fernandesekin; zigor gisa, elizak eskumikatu egin zituen Maria eta haren ondorengo lau belaunaldi.

Maria eta Chico Minas Gerais elkarrekin bizi ziren aparte geratzen zen soro batean. Handik oso gutxira jende gehiago batu zitzaien, elizak kanporatutako beste emakume batzuk barne. Komunitate bat sortu zuten, genero-berdintasunean eta erlijio-askatasunean oinarritutakoa.

Halere, hango bizitza ez zen batere erraza. Familia eskumikuak ezin ziren handik atera; haurrak inguruko herrietan eskolara joaten saiatzen zirenean, "prostituten umeak" esaten zieten, eta baztertu egiten zituzten.

Nahiz eta hori gertatu, herriak hainbat hamarkadatan tolerantzia kutsu horrekin aurrera jotzen jarraitu zuen, eta ongietorria ematen zien, bai konformagaitzei, bai baztertuei.

Hori aldatu egin zen 1940ko hamarkadan, Anisio Pereira iritsi zenean.  Anisiok eliza ebanjelista protestante bat sortu zuen, eta hari “amén” esaten zioten katolikoei salbazioa eskaini zien; alkohola eta musika debekatu zituen, eta emakumeak gizonen mende egon zitezen agindu zuen. 

Gainera, 1960ko hamarkadan, bere nagusitasuna handitu ahala, 45 urteko predikaria 16 urteko neska batekin ezkondu zen: Delina Fernandesekin, Mariaren bilobarekin, alegia.

Pereirak metafora erlijioso samur batekin izendatu zuen bere eliza eta bere herria: Noiva do Cordeiro. Bildotsaren andregaia, alegia.

Pereira 1995ean hil zenean, eliza hura itxi eta eraitsi egin zuten. Herriak Noiva do Cordeiro izenari eutsi zion , baina bizimodua erabat aldatu zen. Pereiraren semeetako batek taberna bat ireki zuen eliza kokaturik zegoen kalearen beste puntan. Eta emaztea, Delina, komunitatearen buru bihurtu zen.

Bere ikuspegiak herriko emakumeak aupatu zituen, eta hori guztia herriko gizonek  gogo onez onartuta.

Gaur egun, Delina oso ezaguna da, Noiva berriro ere komunitate inklusiboa izateagatik. 

Ekimen asko aurrera eraman ditu, herriaren pobrezia murrizteko, adibidez. 1990eko hamarkadaren amaieran herriko guztia partekatzea proposatu zuen, baita uzta biltzeko behar zen lana ere.

Herritarrek, denon artean, lursail handi bat erosi zuten Noiva inguruan, non 3.500 zuhaitz eta kafe landare  aldatu zituzten. Hor dute gaur egun diru-iturria.

Herri-jabetzako baratze bat, eta baserriko animaliak ere zaintzen dituzte. 

Horrez gain, jabe askok haien baratzeak ere badituzte, eta horiek komunitateari laguntzen diote.  Nekazariei egurra bilatzea, jostea eta espazio partekatuak garbitzea esleitzen zaie.

Delinari esker, beraz, herria berpiztu egin zen. Gaur egun herriko Ama Etxean ematen du bere denboraren zati handi bat, sukaldean eserita, kafea edaten eta oiloak elikatzeko aza mozten. Bertan, arazoak dituzten herritarrei ere entzuten die, eta aholkuak ematen dizkie. Errespetu handiko andrea da, oso  estimatua. Bere ikuspegia eta aholkuak kontuan hartzen dituzte guztiek.


Adibidez, duela zenbait urte, Erick Araujo Vieira izeneko gazte bat Delinarengana joan zen, eta gaya zela esan zion. Une hartan ez zegoen gizon homosexualik Noivan.


Delinak Keila eta Marcia alabei proposatu zien antzezlan bat egiteko, sexu-identitate eta sexu-orientazioari buruzko gaiak lantzeko. Obrak komunitatean eztabaida eta onarpena sortzen lagundu zuen. Hasieran, Vieiraren gurasoek semea ez zuten onartu nahi, baina haien arteko harremana geroago hobetu zen, herriko bizilagunek zuten jarrera irekia zela ikusi zutenean.

Noiva de Cordeirok oso txikia izaten jarraitzen du, baina, nahiz eta Rio de Janeiro sei ordu eskasera egon autoan, herrian bizi direnek, gehienek behintzat, ez dute herritik kanpo bizitzeko asmorik. Noiva babesleku bat bezala sentitzen baitute.

Eta orain bitxikeria bat. Egun batean kazetari batzuk iritsi ziren herrira, eta gizon gutxiko herria zela idatzi zuten, amazonen antzeko emakumeek gobernatua. "Brasilgo emakumeen herri galduak gizon ezkongabeak deitzen ditu" bezalako titularrek mundu osoko ezkongaiak erakarri zituzten, eta filmazio-taldeek Noivako emakumeak errekrutatzea bilatu zuten telerrealitate-programetarako.

Horren eraginez ezkongabeak ziren herriko gizonek ezkontzea erabaki zuten kanpotarrek ez hartzeko etxean zeukatena.

Gaur egun emakume adina gizon bizi dira Noivan, gutxi gorabehera 350 biztanle. Gizon gehienak kanpoan daude astero, inguruko hiri batean lanean. Emakume gehienek herrian egiten dute lan, eta bertan bizi direnek modu komunalean administratzen dute dena. Emakumeak (adin guztietakoak) harro daude Noivako emakumeen benetako historiaz, haiek baitira herriko zutabea, lehengoa eta oraingoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!