ELAk zaharren egoitzetako langileak grebara deitu ditu urriaren 23an

Unai Lako Goñi 2024ko urr. 9a, 17:14

1.500 euroko soldata eta 1.592 orduko lanaldia bermatzen duen hitzarmena eskatu du

2021. urtean negoziazio mahaia martxan jarri zenetik, 22. greba eguna deitu du ELA sindikatuak Nafarroako zaharren egoitzetan. Sindikatuak gaur goizean egin duen prentsa agerraldian salatu duenez, “Nafarroako Gobernuarentzat langileen lan baldintzak hobetzea ez da lehentasun bat.  Diru publikoarekin finantzatutako sektorea bada ere, enpresa pribatuek kudeatzen dute, horietako batzuk funts putreen eskutan daudelarik”.

Nafarroako Gobernuari eskatu diote 2025eko aurrekontuetan sar ditzan lan baldintzak hobetzeko behar diren diru partidak. Aurreko legegintzaldian, talde politiko guztiek egoitzen lehen hitzarmenaren aldeko mozioa adostu zuten Parlamentuan. ELAk salatu du Nafarroako Gobernuak ez duela “hori ahalbidetuko duen proposamenik egin. Orain arte, mahai gainean dagoen proposamena patronalek 2022ko abenduan planteatu zuten bera da. Proposamen hori sindikatu guztiek baztertu zuten, oso eskasa delako”.

Lan hitzarmen berrirako ELAk 1.500 euroko soldata eskatu du, urteko 1.592 orduko lanaldia, aldi baterako ezintasuneko bajen osagarria % 100eraino kontingentzia arruntetan, eta hitzarmena egoitza guztietan aplikatzekoa izatea.

Urriaren 23an elkarretaratzea antolatu du sindikatuak 11:30ean Eskubide Sozialen Departamentuaren aurrean. Arratsaldean, auto karabana egingo da, eta ondoren elkarretaratzeak aurreikusi dira, batetik patronalaren egoitzaren parean, Iruñean, eta bestetik Tuterako Misericordia etxe aurrean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!