Zizur Nagusiko hiru ikastetxetako jantokietan otorduekin kexu agertu ziren familiak. Orain, Hezkuntza Departamentuak dio ez duela arau-hausterik sumatu. Joan den astean ikuskaritza egin zuen jantokietako zerbitzuetan eta ez du "huts egiten denik" ikusi. Akatsen bat egotekotan janari kantitate txikiegiak banatu izanarekin izan dezake harremana. Aramark enpresak adierazi du dagoeneko kantitate-arazoari irtenbide emanen diola.
Nutrizio eskakizunekin loturiko kexak izan daitezkeela dio Departamentuak, izan ere Foru Legea aldatu da ikasturte honetarako eta zenbait betekizun dituzte elikagaiek: ogia eta pastak integrala behar duela izan, yogurtak azukrerik gabeak, prozesatu gabeko produktuak erabiliko dituztela, fruta eta berdurak ekologikoak izanen direla eta arraina freskoa. Baldintza horiek haurrentzako "erakargarrienak" ez direla izanen uste du Departamentuak.
Joan den asteko ikuskaritzetan janaria "egoki· zegoen prestatuta eta tenperatura "nahikoarekin" banatzen zieten ikasleei. Departamentuak esan du, aztertzen ari dela Zizurko hiru ikastetxe horietan sukaldea egiteko aukera janaria kanpotik ekarri behar ez izateko eta are kalitate handiagoz emateko zerbitzua .