“Nafarroako herrien %70 dira 1.000 biztanle baino gutxiagokoak eta bi herritik batek galdu du populazioa azken 30 urtean. 166 udalerri despopulatze arriskuan daude”, adierazi du Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente Xabier Alkuazek. “Larrituta” daude herrien biztanleek hirietara egiten duten aldaketarekin eta “garrantzitsua” izanen da Despopulazioaren Kontrako Foru Legea horri aurre egiteko Alkuazen ustez. “Federazioak ekarpen nabarmena egin beharko lioke legeari eta horregatik parte hartze prozesua jarriko dugu abian”, azaldu du Alkuazek. Urte amaieran eta 2025eko hasieran abian jarriko dute prozesua eta horrekin txosten bat osatu nahiko lukete ondoren Nafarroako Gobernuari helarazi eta kontuan har dezan.
Errolda agiriak, Elizak inmatrikulatutakoak eta tokiko mapa erronken artean
Egoera zaurgarrian dauden pertsonen erroldatzea “errazteko” lanketa egin dute Iruñeko eta Tuterako Udalekin eta bide horrekin segitzeko asmoa dutela nabarmendu du Alkuazek. Horrekin batera, Elizak bere izenean jarritako ondarearen artxiboa ere osatzen ari dira eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean dihardute horretan. Duela hiru urte aldaketa zenbait egin zitzaizkion Tokiko maparen Legeari, baina oraindik ere eraldaketak beharrezkoak direla iruditzen zaio Alkuazi.
Urriaren 6an hasi zuen ibilbidea presidentzia honek eta elkarlanaren eta kolaborazioaren bidea izan da nagusi”, iruditzen zaio Alkuazi eta bide horretan segitu nahiko luketela jakinarazi du. Hori bai, gai guztiekin ez dute lortu adostasunik: Urrun gelditu diren akordioen artean haur eskolen afera dagoela adierazi du Udal eta Kontzejuen Federazioko presidenteak. Ez dute lortu 0-3 urte arteko haur eskolentzako finantzaketa eredurik akordatzea. Alkuazek uste du, soluzioa integrala izan behar dela, baina ez dute bat egiten alderdi guztiek eta mahai gainean segitzen du gaiak.