ELAk proposatu du Lanbide arteko Gutxieneko Soldata finkatzeko alboratu behar dela soldaten arteko konparazioaren erreferentzia, eta horren ordez lehenesten du aintzat hartzea per capita BPG. Horretarako arrazoiak azaltzen dira gaur aurkeztutako dokumentuan: ‘Gutxieneko soldata Euskal Herrian finkatzeko irizpideak’. LGSaren zenbatekoa kalkulatzerakoan erabiltzen diren adierazleek herrialdeko errenta guztiaren banaketa hobetuko dute, ez da mugatzen, orain arte egin den moduan, irizpidetzat soldatak hartzera. Gogora dezagun Eskubide Sozialen Europako Kartak gomendatzen duela LGS gutxienez izan behar duela herrialde bakoitzeko batez besteko soldataren %60. Beraz, soilik langileen soldatak hartzen dira kontuan, eta ez enpresen etekinak zein beste baliabide batzuk. Ondorioz, aberastasunaren sorkuntza kolektiboa banatzerakoan, faktore horiek ez dira aintzat hartzen LGS kalkulatzerakoan.
ELAk nahi duena da kalkulurako per capita BPG nominala baliatzea: horrela, soldatapeko langile bakoitzak gutxienez jasoko du gizarte guztiak sortutako balioaren portzentaje bat. Hain zuzen ere, produktibitatearen hazkundea eta enpresen etekinak ere kontuan hartuko dira kalkulu hori egiterakoan, orain arte ez bezala. Zehazki, ELAk proposatu du per capita BPG nominalaren %65 izan dadila LGS. Beraz, Hego Euskal Herrian 2024rako 1.795 euro gordineko 14 ordainsari dira (hots, Belgikaren edo Alemaniakoaren parekoa). Hau da, enplegua duen langileek bermatuta izango dute gutxienez sortutako aberastasunaren bi heren jasotzea. Zenbateko hori ordainsari nahikoa litzateke, eta ekonomia nazionalak -Hego Euskal Herrikoak- sortzen duen aberastasunaren araberakoa izango da.
LGSren zenbatekoa sei urtean %54 handitu da (1.134 euro gordineko 14 ordainsaritan), baina ez du urrundik ere bizimodu duina ziurtatzen. Eusko Jaurlaritzak egin duen Pobreziari eta Desberdintasun Sozialen inguruko azken inkestak (2022) dioenez, pertsona baten ongizatea ezin da bermatu hilean 1.654 euro gordin baino gutxiago irabazita. Haatik, Espainiako LGS askoz apalagoa da. Horrenbestez, ELAren proposamenak badu beste berritasun bat: zenbatekoa Hego Euskal Herrian finkatuko da, eta bertan ia 300.000 langileren egoera berehala eta benetan hobetuko du. Horrek beste eragin positibo bat ere izango du: batez ere prekarioenen onerako izango da, hots, gehienbat emakume, migratzaile eta gazteentzat, eta batik bat zerbitzuen sektorekoentzat. Horrela, generoak eragindako soldata arrakala gutxituko da (gizon eta emakumeen arteko arrakala Hego Euskal Herrian % 22koa da), baita migratzaile eta berton jaiotakoen artean dagoena ere (% 44koa da Gipuzkoako datuen arabera, ezagutzera eman diren bakarrak).
LGS berria ezartzeko bidea sindikatuak datozen hilabeteetan erregistratuko duen Herri Ekimen Legegilea (HEL) izango da, eta 2025ean zehar Nafarroako eta Gasteizko parlamentuetara iritsiko da, legedia aldatzeko eta autonomia-erkidegoek euren LGS propioa ezartzea ahalbidetzeko (Kongresuak onartu ondoren), betiere horrek estatuaren zenbatekoari dagokionez hobekuntza badakar.
ELAk egindako azterketa juridikoak bide hori bermatzen du, eta, beraz, borondate sindikal eta politikoa baino ez da behar Hego Euskal Herrian LGS propioa lortzeko, hemengo errealitate sozioekonomikoan oinarritua eta aberastasunaren banaketa erreala eta bidezkoagoa ekarriko duena.