Valle de Odieta enpresak eta bere filialak (HTN) urteak daramatzate Caparrosoko behitegiko instalazioak handitu nahian. Trabak traba, eta ingurumenean duen kaltea agerikoa izan arren, beste saiakera bat egin dute Caparrosoko makro ustiategia handitzeko.
Gaur egun, epai judizial bati esker, baimendutako abere kopurua hainbat adinetako 7.800 bururainokoa da; 7.200 behi heldu eta 600 txahal dituzte egun. Baina Sustrai Erakuntzak ohar batean kritikatu bezala, “horrekin pozik ez, eta 2023an instalazioak 11.372 abelbururaino handitzeko proiektua aurkeztu zuten jendaurrean”. Dirudienez, zabaltze horren administrazio-espedientea “stand-by egoeran geratu da”, eta ez da erabakirik ezagutzen.
Hala ere, berriki Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez, Valle de Odietako beste handitze proiektu baten berri izan dute. Enpresak etxalde berri bat eraiki nahi du Caparroson, gaur egungo ustiategitik oso gertu. Bertan, txahalak haziko lituzkete, ekoizteko prest dauden behi helduak izan arte. Txahalak jadanik hainbeste esne ekoizten ez duten behi helduak ordezkatzeko dira, eta ondorioz, ezin dituzte baimendutako abelburu guztiak soilik produkziorako erabili.
Enpresak hori aldatzeko bidea topatu duela salatu du Sustraik: baimendutako abelburu kopurua mantenduz, ekoizten ez dituzten animaliak, txahalak alegia, beste instalazio batera atera eta animalia produktibo gehiago sartu.
Enpresak etxalde berria egungo egoitzatik hiru kilometrora kokatu nahi du eta elektrizitatea edota hondakinen kudeaketa zerbitzuak egungo etxabearekin partekatu nahi ditu. Biak “ekoizpen-nukleo bera” liratekeela dio Sustrai Erakuntzak eta beraz, ingurumen inpaktu larria areagotuko litzateke.