Europako Kontseiluaren gomendioak jarraituko direla jasotzen du akordio programatikoak, eta adituek proposatzen dutenarekin ados dago Arakama. “Orain arte zonifikazioa ez zen agertzen eta eragile ezberdinek egindako lanari esker orain jasotzen da”.
Zentzu horretan, “pozgarria da ikustea 2015etik egon diren aldaketak onartzen direla, abiapuntu bezala, ez dago gaizki”. Hala ere, eta “zoritxarrez”, gaur egun parlamentuan “ez dago gehiengorik legea aldatzeko”.
Merezimenduen dekretua
Europatik iritsi berri den agindua ez da euskararekin zerikusia izan duen bakarra. Argi berdea eman berri baitio Nafarroako Gobernuak merezimenduen dekretuari. Dekretu horrek zehaztuko du zenbat puntu emanen zaizkion euskarari hizkuntza meritu den lan deialdi publikoetan, funtsean, Osasunbidean.
Atzerapauso handia dela salatu dute euskalgintzako eragileek behin baino gehiagotan. Euskararen Nafar Kontseiluak ere uko egin dio proiektua onartzeari. Izan ere, dekretuak eremu mistoko lan deialdietan soilik izanen du eragina; eremu ez-euskaldunean, euskara ez da meritu izanen, orain arte bezala. Ingelesa, frantsesa eta alemana jakiteak, ordea, puntuak eman ditzake, kasuan-kasuan, herrialde osoko deialdietan.
Dozenaka lan deialdi atera dira eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean, eta horietan guztietan, euskara jakiteak ez die hautagaiei puntu bakar bat ere eman. Euskarabideako zuzendari Jabi Arakama ez du asebetetzen inola ere dekretu horrek, baina errealitateari begiratu dio bestelakoetarako nahikoa babesik ez dagoelako.
“Gustatu ala ez, politika publikoak egiten dituzunean legearen barruan egin behar da”, azaldu du Arakamak. Gaineratu du, halaber, “oso kritiko” izan direla eta “oso mingarria” dela eremu euskaldunean ez delako aurreikusten euskara baloratzeko aukera. Baina, “une honetan, alternatibarik ez dagoen bitartean, Foru Dekretua kentzea ez da bidea”.
Aurrerantzean, deialdi bakoitzean justifikatu beharko da euskarari eta beste hizkuntzei eman beharreko puntuazioa. Kontseiluak hamabost egunen buruan eman beharko dio oniritzia proiektu berriari.