Itxaron zerrenden egoera “mantendu ezina”, baina “konponbide magikorik” gabea dela dio Txibitek

Bidane Beloki Ezker 2024ko ira. 26a, 08:15

Zerbitzuaren kalitatea nabarmendu duten arren, itxaron zerrendak murriztea premiazkoa da. Hala ere, Dominguez Osasun kontseilariak legea errespetatu dela eta ez dela “inor atera itxaron zerrendatik arrazoi edo justifikaziorik gabe” adierazi du.

Oporren ondorioz, udan zerrendak handitu dira, eta irailean itxaron-zerrendak murriztu diren arren, Nafarroako presidente Maria Txibitek adierazi du egoera ezin dela mantendu. Kezkagarria da oso, lehentasuna delako “herritarrak arin eta zentzuzko garai batean artatuak izan daitezen”. Hala ere, konponbide errazik ezta “errezeta magikorik” ez dagoela aitortu du Txibitek.

Itxaron zerrendak luketena baino luzeagoak direla onartu du Gobernuak, nolanahi ere, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kalitatea nabarmendu du; esaterako, minbizia atzeman eta artatzeko kasuetan. Fernando Dominguez Osasun Kontseilariak ere egiturazko arazoa onartu duen arren, UPNri erantzunez azpimarratu du ez dela “inor atera itxaron zerrendatik arrazoi edo justifikaziorik gabe” eta araudiak zein legeek ezartzen dutena errespetatu dela ziurtatu du.

Foru Gobernuak Itxaron zerrenden Planaren dokumentua ia burutu du, baliabideen kudeaketa egokia egin ahal izateko. Baina, alderdiek nabarmendu dute, orain arte hartutako neurriak ez direla nahikoak izan eta erantzun integral bat galdegin dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!