2023. urterarte hamarkada luzeko lasaitasuna eman da Piriniotako mendietan aritzen diren artaldeetan. Baina aurten hartza esnatu eta gurera etorri omen da. 83 hartz daude Pirinioan eta haietako bat Erronkari aldera gerturatu da. Garden ikusi zuten lehendabizikoz udaberria hasieran eta orduz geroztik 9 aldiz eraso die Erronkariko artaldeei.
Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak astearte honetan Foru Parlamentuan iragarri duenez, Pirinioetan hartz erasoek izan duten gorakadaren aurrean neurri gehigarriak jarriko dituzte martxan.
Zehazki, abeltzainak telefono mugikor satelitalez hornituko dira, Ingurumen Basozainekin edozein unetan eta estaldura-arazorik gabe zuzenean harremanetan egon daitezen.
Gainera, hartza ohitura handiko animalia denez eta Nafarroako lurraldera eremu beretik sartzen dela egiaztatuta dagoenez, fototranpeorako kamerak instalatuko dira, satelite bidez horiek ere, leku estrategiko horietan, hartzaren presentziaz ohartarazi ahal izateko eta, horrela, hartza monitorizatu eta inguruan arreta berezia jartzeko.
Aierdik zehaztu du departamentuak hainbat prebentzio-neurri hartu dituela, hala nola, abeltzainari lagunduko dioten artzainak kontratatu, mastin txakurrak, artaldearentzako GPS lokalizatzaileak edo hesituak kontratatzeko laguntzak, baita erasoengatiko eta hildako abereengatiko kalte-ordainak ere, azken urteetan izandako erasoen aurrean eraginkorrak direla uste baitu.
Hala ere, aurtengo gorakada ikusita eta hartz-populazioa haziko dela aurreikusita, hartzaren eta abeltzaintzaren arteko bizikidetza bultzatzeko bi neurri berriak proposatu direla adierazi du.
Aierdik adierazi duenez, departamentua harreman zuzenean dago inguruko abeltzainekin, tokiko erakundeekin eta Erronkariko Ibarreko Batzarrarekin, balizko konponbideak eta beste neurri batzuk jorratzeko, hartzarekin zerikusia izateaz gain, abeltzaintza estentsiboa sustatzeko, lurraldean laguntzeko neurriak hartzeko, azpiegiturak hobetzeko (pistak, etab.) eta Artzain Eskolari laguntza ekonomikoa emateko, Erronkariko Ibarreko Batzar Nagusiaren ekimena eta Artalde abeltzaintza estentsiboa sustatzeko elkarteak dinamizatua.