Txibiterekin bilera eskatu dute hezkuntza sindikatuek grebara joan aurretik

Haritz Pascual Garjon 2024ko ira. 18a, 11:12

Datorren  irailaren 26ko irakasle grebaren aurretik Foru lehendakariarekin bildu nahi dute. Protesta iragarri zutenetik hezkuntza departamentu eta Gobernuaren aldetik deirik ez dutela jaso salatu dute sindikatuek.

“Gure txanda da” pankartarekin azaldu dira irakasleen ordezkariak prentsaurrekoan. STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, ELA eta UGTk “irakaskuntza publikoko ikasle guztiek merezi duten arreta jasotzeko mobilizatzen” direla azaldu dute, “Ratioen jaitsierak, lan zama arintzeak eta irakasle plantillak egonkorragoak izateak ikasleen hezkuntza kalitateari mesede eginen diotela ez dago zalantzarik”.

Bi urte daramatzate aldarrikapenak mahai gainean jartzen baina hezkuntza kontseilariak ez du urratsik egin nahi. Pasa den ikasturtean hainbat agerraldi eta protesta egin zituzten. Ekainean egin zuten grebaren iragarpena eta iraila hasieran deialdi ofiziala. Orduz geroztik, eta protesta ate joka dagoela, gobernuaren aldetik mezurik ez dutela jaso salatu dute, ez da izan inolako interlokuziorik. Horregatik gaur goizean, benetazko negoziazioari bide emanen dion bilera eskatu diote Maria Txibite foru lehendakariari.

Egunotan ikastetxez ikastetxe ari dira sindikatuak irakasleekin biltzen at bihar arratsaldean asanblada informatibo batetara deitu dituzte, grebaren arrazoiak eta nondik norakoak ezagutarazteko. Hitzordua, bihar, irailaren 19a, arratsaldeko 17.30ean Iruñeko San Frantzisko eskolako areto nagusian izanen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!