Urte hasieran abiarazi zuten elkartearen sorrera sektorean lanean diharduten agenteekin egindako hainbat bileren bitartez eta hilabete honen bukaeran batzar publikoak egingo dituzte, gizarte osoarekin asmoak eta erronkak partekatzeko.
Iñaki Zoko, Larretik elkarteko kideak azaldu duenez, “ekoizleak, kontsumitzaileak, merkataritza, ostalaritza eta herritarrak inplikatu nahi ditugu lan horretan eta laguntza eman nahi diogu negozioak martxan jarri nahi dituzten ekintzaileei errelebo faltari aurre egiteko”.
Elikadura- subiranotasuna, abeltzaintza estentsiboa, kontsumitzaile eta ekoizlearen arteko harremanen estutzea, merkaturatze bide laburrak edo kilometro zero politikak bultzatuko ditu Larretik.
Helburu horretan lehen proiektua Garraldako hiltegia eraberritzea izango da, animaliekin ziklo osoa ixteko aukera emango duelarik: abereak gizendu, Pirinioetan bertan hil eta zatitu, produktua transformatu eta bertan saldu. Abeltzain eta nekazari berrientzako aholkularitza lanak ere egingo ditu Larretik elkarteak.