Unai Jimenez: "Energia komunitateak herri antolakuntzarako tresnak dira, herritarrak boteretzen dituzte"

Miren Mindegia 2024ko ira. 12a, 11:24

Energia komunitateak sortzen laguntzeko asmoz Nafarroako Gobernuak sei Eraldaketa Komunitarioko Bulego ireki ditu aurten, NASUVINSA-k kudeatzen dituenak

Energia komunitateen sorrera eta sustapenari bultzada emateko asmoz, Nafarroako Eraldaketa Komunitarioko Bulegoa iragarri zuen Nafarroako Gobernuak ekainean, Nafarroan sei egoitza dituena. Haztegi hauen funtzioa energia komunitateei laguntza, aholkularitza eta jarraipean ematea izanen da. Nafarroako 272 udalerrietan irismen zuzena izango dute, horien %80 erronka demografikoaren barruan kokatzen direnak. 

Unai Jimenez NASUVINSA-ko teknikariak energia komunitateak dakarten zeharkako onurak aipatu dizkigu: “Ez da soilik energia berriztagarrien sustapena helburu duen proiektu bat, herri antolakuntzarako tresna bat ere bada, herritarren erabakimenean eragin zuzena duena”. Hala, energia komunitateek tokiko ekonomia sustatu, lanpostuak sortu eta despopulazioa apaltzen lagundu dezakete, besteak beste. 

Nafarroan energia komunitate ugari jarri dira martxan azkeneko urteotan. Jimenezen aburuz, foru erkidegoa erreferente bat da proiektu honen sorreran eta sustapenean. “Historikoki ere hala izan da, auzolana eta komunalak, adibidez, oso errotuta egon dira gure lurraldean eta herri antolakuntzarako tresnak izan dira”. Nafarroak duen garrantzia horren seinale da urriaren 1ean eta 2an eginen den Energia Komunitateen Europako Kongresua, hain zuzen ere, Iruñean eginen dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!