Seigarren edizioa abiatzear da eta iazko gidalerroei jarraiki, aurten ere, gazteria izango du ardatz, baina baita Adimen Artifiziala ere. Gainera, egonkortutako jaialdi ofiziala da dagoeneko eta iaztik ere, Goya sarietarako kalifikatzen du. Irailaren 19tik 21era izango da jaialdia eta Ziudadela eta Iturramako Civivoxa izango dira ekitaldien egoitza nagusiak.
Bi gune horietan mahai-inguruak, topaketak zinemagileekin, sari banaketa ekitaldia eta filmen emanaldiak antolatu dituzte. NIFFen webgunean kontsultatu daiteke zeintzuk diren pantailaratuko diren lanak eta sarrera eskuratu hauek ikusteko.
860 film labur baino gehiago jaso ditu antolakuntzak eta horietatik 55 hautatu dituzte pantailaratzeko; beste hamar lan online eskegiko dituzte, Iraneko filmen sailekoak.
Sail Ofiziala, Nafarroako Film Laburren Saila, NIFF Industry Halleko goizetako lan-mahaiak eta, bigarren urtez, NEW GENERATION Saila dira sekzio nagusiak. 18 eta 30 urte bitarteko zinemagile gazteei zuzendutako zaila da azken hau eta bost finalisten film laburrak pantailan erakutsiko dira, jaialdiaren baitan.
Egungo erronkak: Gazteak eta Adimen Artifiziala
Adimen Artifiziala "gure bizitzetan eragina duen errealitatea da, datozen urteetan erronka sozial, ekonomiko eta etiko handienetako bat izango dena", nabarmendu du jaialdiak. Hartara, edizio honek adimen artifizialak ikus-entzunezkoen munduan, eta oro har, sormen-esparruan planteatzen diren erronkak izango dituzte aztergai.
Zinemagile gazteen lana ikusarazi eta bultzatzea du helburu jaialdiak. Aldiberean, ingurumena, feminismoa edota migrazioa bezalako gaiak jorratzearen alde egin du NIFFek.
Kartel iragarlea Sara Irabururen eskutik
Nafarroako Gazteriaren Institutuaren laguntzarekin, jaialdiak kartel iragarlea aukeratzeko kartel lehiaketa antolatu du lehenengoz. Sara Iraburu Garciak irabazi du lehiaketa, teknika libreko diseinu koloretsu batekin. Iturramako Civivoxean lehiaketako kartel finalistak ikusgai daude egunotan.