2014an hasi zen Domingo bere ikuskizun propioak ekoizten, duela hamarkada bat beraz, nahiz eta txikitatik piztu zitzaion magiarako sena: "Uda batez magia ikuskizun bat ikusten ari nintzela, magoak eszenatokira atera ninduen, eta une horretan esan nuen: 'Hara, interesgarria!". Hala, gurasoei merkatuan zeuden magia jolas guztiak eskatu eta ikasten hasi zen, bere kabuz. 8 urte besterik ez zituenean bere lehen ikuskizuna eman zuen etxean, senitartekoei, eta hauek aho bete hortz utzi zituen. Bizpahiru urte geroago eman zuen bere lehenengo jendaurreko ikuskizuna, eskolan bertan, eta hortik aurrera ez da gelditu. EITB-ko Irrien Lagunak saioaren eskutik magiaren industria barrutik ezagutzeko aukera izan zuen eta 18 urterekin bere ikuskizun eta muntaiak egiten hasi zen. Dagoeneko badago bera erreferentzia hartuta magoa izatea erabaki duenik, bera txikitan nola.