Infernutik dator Euskal Herriko gasna hoberena. Infernuko errekaren ondoan dagoen Orabidea auzoko Kortariko bordatik, zehazkiago esateko. Lekarozko paraje honetan ekoizten da Infernuko Gasna, igandean Uharte Arakilen egin zen Artzain Egunaren 56. edizioan nagusitu zena bosgarrenez (azkeneko hiru urteotan, jarraian). Ez da jaso duen onarpen bakarra, Ordizioako azokan ere hirutan saritua izan da. Baztango gazta honen arrakastaren atzean zer dagoen aski ongi daki Julen Arburua gaztagileak: "Lana, lana eta lana". Gaztategiaren ardura nagusia hartu zuenetik, Arburuaren apustua argia izan da: abeltzaintza estentsiboa egitea eta gaztaren ekoizpen prozesu guztia bere esku edukitzea, kalitatearen berme gisa.