Mohammed el-Kurd poeta da, baina ez hori bakarrik. Mohammed el-Kurd kazetaria ere bada. Are gehiago, Mohammed el-Kurd poeta, kazetari eta militante palestinarra da. Lagun batek gomendatuta, duela urte batzuk solte idatzitako poema dozena bat inprimatu eta gelako zoruan jarri zituen, testuan harilkatuko zituen gai komun bat bilatzeko helburuarekin. Eta hortxe agertu zen Rifqa. Israel bera baino zaharragoa zen amona, Nakbak eragindako suntsiketaren testigu estoikoa. Hala, bere amonaren irudi horretan oinarritu zen el-Kurd bere lehenengo poema liburua izanen zena eraikitzeko. Berriki, Katakrak argitaletxeak Rifqa euskaraz plazaratu du Eider Beobide Urkizarrek itzulita.
Argitaletxeko editore Hedoi Etxartek adierazi bezala, “palestinar zehatz baten testigantza” da Rifqa, non bere bizitza pertsonaleko pasadizoak ezagutzearekin batera, “zazpi hamarkadetan zehar kolonizatu eta suntsitu nahi izan den herri eta lur baten errealitatea” ezagutzeko parada ematen zaion irakurleari. Beobidek azpimarratu bezala, oso gai desberdinak jorratzen dituen poesia da el-Kurdena: “Palestina dago denbora guztian, bertako genozidioa, data eta lekuekin; baina baita LGTBI mugimendua ere, Atlanta eta Ameriketa Estatu Batuak, inglesez idaztearen kontua eta hainbat kontradikzio…”. Poesia izan arren, “oso prosaikoa” dela ere nabarmendu du itzultzaileak. “Horrek laguntzen du irakurlea poeman sartzen, ulertzen, datuak jasotzen. Ez da goitik kontatzen den zerbait, egunerokotasunari lotuta dago gehiago”. Hala, el-Kurden poesia irakurtzeak Palestinako errealitatea "barrutik" ulertzea ahalbidetzen duela iritzi dio itzultzaileak.
Egileak 2021ean argitaratu zuen lehenengoz Rifqa Haymarket Books argitaletxearen eskutik eta Ekialde Hurbileko eta munduko literatur sari eta aipamen ugari jaso ditu ordutik. 2022an argitaratu zuen bere lehenengo saiakera liburua, A Night with Palestine’s Defenders of the Mountain. Etxarteren iritziz, gaur egun Palestinako poeta sagako egile handienetako bat da el-Kurd, “26 urte besterik ez dituen arren”.