Lorena Arangoa: "Landa eremuko emakume asko feministak ziren, hala zirela jakin gabe"

Miren Mindegia 2024ko abu. 21a, 11:29

'Oinak hodeietan' egitarauaren eskutik, 'Jazinta la potra' eta 'Milagros eta Valentina' obrak emanen ditu Arangoak aste honetan 

Oinak hodeietan programak aurrera jarraituko du aste honetan, Nafarroako txoko desberdinetara antzerkia, magia eta dantza eramanen duten proposamen askotarikoekin. Aste honetan, euskarazko bi proposamen dakar. Bihar, Ultzamako Iraizotz herrian, Jazinta la potra. Kaleko ikuskizuna izanen da, herriko aparkalekuan hasi eta Piterren Bordaraino iritsiko dena. Etzi, ostirala, Parena konpainiaren eskutik Milagros eta Valentina obra emanen da. Zeregin komun bat duten bi emakume dira protagonistak: hildako senarren azken borondatea betetzea, hau da, errautsak botatzea. Itxasperriko ermitan izanen da emanaldia, 19:30ean.

Lorena Arangoa aktorea bai batean eta bai bestean arituko da. Jacinta la Potra-ri dagokionez, landa eremuko emakume esneketaria da protagonista, "herrietako emakume langile eta indartsu horietako bat, landa eremuko emakume asko bezala, feminista izan arren hala zirela konturatzen ez zen horietako bat". Aktorea bere ama eta izebetan oinarritu da pertsonaia eraikitzerakoan, "ia omenaldi gisa" ulertu daitekeen modu batean. 

Ostiralean, aldiz, Milagros eta Valentinaren txanda izanen da, alargun gelditu berri diren bi emakume. "Une hori, heriotzaren drama guztiarekin ere, askapen une bat izan da emakume askorentzat", azaldu du aktoreak. "Sentipenak azalean dauden une horiek izaten dira, barrea eta negarra eragin dezaketenak aldi berean". Hala, Milagros eta Valentina  "oso obra dibertigarria" da, Arangoak Aintzane Baleztenarekin batera sortu eta interpretatzen duena. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!