'Oinak hodeietan' zikloaren eskutik euskarazko bi antzezlan emanen dira aste honetan, Ultzaman eta Itxasperrin

Miren Mindegia 2024ko abu. 20a, 12:50

Lorena Arangoaren 'Jazinta la potra' eta Parena konpainiaren 'Milagros eta Valentina' izanen dira, hurrenez hurren, ostegunean eta ostiralean emanen diren antzezlanak

Oinak hodeietan programak aurrera jarraituko du aste honetan, Nafarroako txoko desberdinetara antzerkia, magia eta dantza eramanen duten proposamen askotarikoekin. Zikloa Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Baluarte Fundazioak bultzatzen dute, Nafarroako arte eszenikoen elkarteekin eta jarduerak egiten diren toki entitateekin lankidetzan. Zikloa koordinatu duen Baluarte Fundazioko Maitena Muruzabalen aburuz, antzerki konpainiak Nafarroako leku desberdinetara iristen laguntzeko asmoarekin sortu zen egitaraua 2020an, pandemia garaian, eta dagoeneko “hitzordu finkoan” bilakatu da Nafarroako kultur agendan.  

Aste honetan, euskarazko bi proposamen dakar. Ostegunean, Ultzamako Iraizotz herrian, Lorena Arangoak interpretatutako Jazinta la potra obra izanen da protagonista. Kaleko ikuskizuna izanen da, ibiltaria, herriko aparkalekuan hasi eta Piterren Bordaraino iritsiko dena. Umorea ez da faltako arratsaldeko 19:00etan izanen den emanaldian.

Ostiralean, Parena konpainiak Milagros eta Valentina obra emanen du. Zeregin komun bat duten bi emakume dira protagonistak: hildako senarren azken borondatea betetzea, hau da, errautsak botatzea. Itxasperriko ermitan izanen da emanaldia, 19:30ean.

Larunbatean, emanaldi bikoitza egonen da: Zirika Zirkus konpainiaren El último faquir, Gastiainen, Lana Haranean; eta Geldi Teatroren El curioso incidente del perro a medianoche Radako barruti harresituan. Leku honetan bertan, hiru dantza konpainiak euren piezak eskainiko dituzte igandean: Riart, Clarissa Costagliola eta iXa. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!