Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea euskararen institutuaren bitartez, Euskal Wikilarien Kultur Elkartearekin duen lankidetza-hitzarmena berritu du, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko helburuarekin.
2020an abiarazi zen elkarlana eta Euskal Wikilarien Elkarteko kide Iñaki Lopez de Luzuriagak argitu moduan, askotarikoak izan dira ordutik garatu diren proiektuak: “Herrietako gaiak, ondarearekin eta euskararekin lotutako proiektuak garatu eta jorratu dira ordutik hona, batez ere”.
2016an sortu zenetik, sarea euskaraz hornitzea helburu duen elkarteak proiektu andana garatu ditu, euskara aktibitate eta sarrera gehien dituen hizkuntzen zerrendan sartzea lortuz. Dagoeneko 400.000 sarrera baino gehiago ditu Wikipediak euskaraz, hiztun komunitate aktibo bati eta erakunde publikoekin lotutako hitzarmen desberdinei esker. Euskarazko Wikipedia, hala, “wikipedia komunitate aktiboenetako bat da”. “Bereziki kontutan hartuta zenbat hiztun garen eta zer nolako aktibitatea dagoen Wikipedian, nabarmentzen garela argi dago”.
2024-2027 planaren eskutik, Euskal Wikilarien Elkarteak ekimen berri bat abiarazi du: Euskal Herriko historia 100 objektutan. Dagoeneko hasi dira zerrenda osatzen, dinamika parte-hartzaile baten bitartez: “Euskal Herriko museo guztiekin elkarlanean aritu gara eta ari gara, gure herriaren historia kontatuko duten 100 objektu horien zerrenda osatzeko. Behin osatuta, Wikipediara igoko ditugu, kalitatezko argazki eta informazioarekin osatuta”. Objektuen zerrenda oraindik irekita dago eta Wikipediaren euskarazko bertsioan ikusi daiteke.