Ostiralean gutxi batzuk eta gaur beste zenbait. Abian da zero eta hiru urte arteko haur askorentzat ikasturte berria: 2024-2025. Iruñeko Udalaren kudeaketarenak diren hamaika haur eskolek ateak ireki zituzten pasa den ostiralean. Mila haur eta 250 profesional guztira. Hezitzaileak, garbitzaileak eta jantokiko langileak daude tartean. Langileen egonkortzea areagotzeko 2022an abiatutako prozesua amaituta, aurten 24 hezitzaile berri izanen dira, zuzendari bat, sukaldari bat eta laguntzaile bat. Behin behinekotasuna azken urteotan %80koa izan da haur eskola horietan eta azken urteotan egindako oposaketa eta egonkortze prozesuen bidez %30era jaitsi da. Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen zazpi haur eskoletan ere antzera daude: azken oposaketan milatik gora lagun izan ziren eta 5 plaza zeuden eskaintzan. Orain, behin behineko zerrendan daude mila lagun.
Atarrabiako Amalurren gaur ekin diote ikasturteari
Udal zerbitzu elebiduna da Atarrabiako Amalur haur eskolak eskaintzen duena: euskarazkoa eta gaztelaniazkoa 4 hilabetetik 3 urte bitarteko haurrentzako. Doakotasuna izanen da aurten haur eskola publikoetan eta hori nabari dela adierazi du Amalurreko zuzendari Ainhoa Ibarrolak: "Inoiz baino haur gehiago izanen ditugu aurten". Doakotasunarekin ados dauden arren horrek eraginen duena kontuan hartzea ezinbestekoa dela iruditzen zaio: "Espazio berberean izanen gara aurten 21 haur eta hezitzaile zenbait gehiago", adierazi du. Ainhoa Ibarrolari Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.