Maider Ramirez: "Ideologiak egiten du berezi Juana Doloresen poesia"

Miren Mindegia 2024ko uzt. 26a, 12:24

Katakrak argitaletxeak poesia bildumari hasiera eman dio Juana Dolores idazle eta aktore katalanaren 'Girgileria' liburuarekin

Festatik itzuli zen gau batean, hilgarri eta hilkor izatearen hiperkontzientziak zeharkatu zuen Juana Dolores eta poemak idazten hasi zen. Hala esan zuen: "Girgileria nire lehen poema-liburua da, lanbidez eta estetika hutsez idatzitako lehen poema-multzoa. Idaztea urregintza balitz bezala idatzi dut, harribitxiekin eta metalekin ariko banintz bezala. Nire materialen noblezia ez da kualitatiboa edo kuantitatiboa, sentimentala da. Gauek, festak eta gizonek inspiratu egiten ninduten, eta ideologia, beti bezala, xehetasun ezinbesteko eta berezi gisa inposatu zait".

Berriki, Katakrak argitaletxeak Juana Dolores idazle eta aktore katalanaren Bijuteria poema liburua euskarara ekarri du, Maider Ramirezek itzulita, Girgileria izenburupean. Hala, lehenengo aldia da Dolores euskaraz irakurri daitekeela, lehenengo aldia Katakrakek poesia liburu bat plazaratzen duela, lehenengo aldia ere Ramirezek lan bat itzultzen duela. "Girgileria-n oso nabarmena da egilearen ahotsa", dio itzultzaileak, "agertzen da gaua, gizonak, maitasuna eta desira, eta agertzen da ere bere ideologia, esanen nuke hori dela lan hau berezi egiten duena hain zuzen ere". 

Izan ere, Doloresek berak idazletzat baino militante komunistatzat du bere burua, bere lanetan nabarmen agertzen den aldea. Zerbaitek zeharkatzen badu Girgileria, beraz, klase borrokaren kontzientziak da, baita belaunaldi baten erreferentzia munduak ere. Hedoi Etxarte Katakrakeko editorearen aburuz, "zalantzarik gabe eta kultur erreferentziei begiratuta, gaur egungo Katalunian eta munduan idatzitako poema liburu bat da. Argitaratu den garaiari egiten diot oihartzun. Baina badira beste toki eta garai batzuetara eramaten gaituztenak ere. Horietako bat, erlijio kristauari lotutako heldulekuak dauzka. Baina hor daude ere iraultza, marxismoa, komunismoa...". Desira eta iraultza dira, editorearen iritziz, agertzen diren kontzeptu nagusiak. 

Liburu honekin Katakrakek poesia bildumari hasiera eman dio. Bigarren liburu bat dagoeneko plazaratu da, Mohammed el-Kurd palestinarraren Rifqa, Eider Beobide Urkizaren itzulpenarekin. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!