Laura Villanueva (Yarleku konpainia): “Antzezlana ikusten duten haurrengan pentsamendu kritikoa sustatzen badugu, gure lana egina dago”

Bidane Beloki Ezker 2024ko uzt. 26a, 12:33

Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 25. edizioa da aurtengoa eta euskarazko 104. haurra obra taularatuko du gaur Yarleku konpainiak. Tafallako Kulturgunean arratsaldeko 20:00etan izango da emanaldia. Ilusioa, esfortzua eta bidegabekeriak ardatz dituen neska umezurtz baten istorioa kontatzen du obrak. Laura Villanueva antezleak eman ditu xehetasunak Guardasola saioan.

Eszenatokian, neska batek umezurztegi batean ematen ditu bere egunak, adoptatua izateko irrikan. Identitatea, elkarri laguntzearen garrantzia, ilusioa, sormena eta esortzua ditu ardatz familiendako 104. haurra ikuskizunak. Yarleku konpainiak era berean, haur esplotazioa jorratu du obraren bitartez.

Izan ere, konpainiak antzerki soziala egiten duela nabarmendu du Laura Villanueva antzezleak, "guretzat garrantzitsua da haurrei gauzak kontatzea eta eramaten badute etxera galderaren bat mundu honetan gertatzen denari buruz, gure lana eginda dago". Haurrengan "pentsamendu kritikoa sustatzea" da helburua.

Bi neskato protagonista, baina eszenografiak jorratzen du paper garrantzitsua. Antzezlaneko objektuak protagonista bilakatzen dira: "eszenografia oso potentea dugu, dena maletaz beteta dago eta ohial fabrika eta jostunen mundu ere hor dago". "Bisualki oso polita" dela gaineratu du Villanuevak.

Oholtza gainean halaber, Laura Villanueva eta Eva Azpilikueta aktore lanetan. Jokin Oregi zuzendari artistiko eta David Lainezen eszenografia, soinua eta argiztapena, eta Aiora Ganuzaren eskutik jantziak. 104. haurra, gaur Tafallako Kulturgunean, arratsaldeko 20:00etan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!