Nerea Urbizu (Ene Kantak): "Historiaurrea haurrei kontatzera dator ikuskizun berria"

Maialen Huarte Arano 2024ko uzt. 3a, 09:15

Bisonte-mastodontearen bila, ikuskizuna haurrentzako antzerki-obra bat da, euskaraz, eta Nerea Urbizuren liburu batean oinarritzen da. Ene Kantak proiektuak eta Txantreako erraldoien konpartsak parte hartuko dute ikuskizunean, abeslari, aktore eta dantzariekin batera. Iruñean, Donostian eta Bilbon izanen dira emanaldiak eta sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte. 

Ene Kantak proiektuaren azken ikuskizuna historiaurreari buruzkoa izanen da, eta Bilbon, Donostian eta Iruñean emanen dute, hiri bakoitzean bi emanaldi eskainita, Gabonak familia-giroan gustura ospatu ahal izateko. Bilbon abenduaren 23an izanen da, Euskalduna jauregian; Donostian abenduaren 28an eta 29an, Victoria Eugenia antzokian; eta, bukatzeko, Iruñean abenduaren 30ean, Baluarteko auditoriumean. Donostiako eta Iruñeko sarrerak uztailaren 2an jarri dituzte salgai, goizeko 11:30ean, eta Bilbokoak, berriz, uztailaren 4an, 10:00etan.

Bisonte-mastodontearen bila ikuskizuna

Bisonte-mastodonte bila haurrentzako antzerki-obra bat da, euskaraz, eta Nerea Urbizuren liburu batean oinarritzen da. Ene Kantak proiektuak eta Txantreako erraldoien konpartsak parte hartuko dute ikuskizunean, abeslari, aktore eta dantzariekin batera 40 bat laguneko lantaldea osatuta. Eszenografia ikusgarria izanen da: historiaurreko paisaiak irudikatuko dituzte, eta panpina handien eta ikus-entzunezko elementuen bitartez, haurrak eta haurren laguntzaileak liluratzea lortuko dute, Aralar mendilerroan bisonte baten bila abentura zirraragarriak biziarazita.

Historiaurrea oso gai erakargarria da haurrentzat, eta zenbait ikastetxetan lantzen dute gaia, proiektuen bitartez, eduki interesgarri eta aberasgarriak arakatzeko aukera emanez haurrei, hala nola ingurunearen ezagutza, geografia eta naturarekiko errespetua. Ekintza Aralar mendilerroan kokatuko da, eta pertsonaiek bizitzeko baliabideak bilatu behar dituzte, fruituak bilduta eta animaliak ehizatuta, kobazuloa izanik aterpe. Testuinguru hori ezin egokiagoa da historiaurreko bizimoduari buruz gauza berriak ikasteko, baita gure natura-ingurunea zaintzea zein garrantzitsua den ikusarazteko ere.

Ene Kantak

Ene Kantak proiektuak 2010. urtean ekin zion bideari. Hasieran, proposamen erabat xumearekin hasi ziren: haurrentzako abestiak euskaraz sortzen zituzten, eta bideoklipak grabatzen zituzten ikastetxeetan haurrekin. Lehen diskoa kaleratu zuten berehala, 19 abestirekin eta Jesus Irujoren laguntzarekin, eta 2012az geroztik Euskal Herri osoko antzoki eta hirietara eraman dituzte ikuskizunak. Bide horretan, 150 abesti berri igo dituzte Youtubeko kanalera, 95 milioi ikustaldi baino gehiago izanik; 9 disko kaleratu dituzte, 3 liburu argitaratu, eta ETB3n 5 denboraldi egin dituzte, 1.250 kapitulu baino gehiagorekin.

Ene Kantak proiektuaren helburua euskarazko abestiak sortzea izan da beti, gurasoengandik seme-alabekiko transmisioa errazte aldera. Familia askotan behar dituzte ekintzak euskararen erabilera indartzeko: hezkuntzatik kanpo, gako garrantzitsuenetako bat erabilera da. Haurtzaroan euskara erabiltzea hazi indartsua izaten da hizkuntza baloratzeko eta, geroago, bizitzaren beste etapa batzuetan euskara erabiltzen jarraitzeko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!