“Irakasleak oso nekatuta eta haserre gaude eta grebara goaz”

Haritz Pascual Garjon 2024ko eka. 28a, 10:43

Irailaren 26an greba batekin emanen diote hasiera ikasturteari irakasleek. Sindikatu guztiek bat egin dute deialdian Hezkuntza kontseilariaren jarrerari erantzunez. “Ez dute negoziatu nahi eta bi urtez mareatu gaituzte bilerekin benetan ratioak, lanorduak, lan zama eta soldatei heldu gabe” azaldu du Euskalerria Irratian Steilas sindikatuko Raul Lopezek.

Hilabetero ikusi ditugu Steilas, LAB, ELA, CCOO, AFAPNA eta UGTko ordezkariak pankartaren atzean, negoziaketa ireki dadin eskatuz. Duela bi urte greba batekin jarri zituzten mahai gainean haien eskariak baina orduz geroztik hezkuntza kontseilariak ez die erantzunik eman. “Erantzunik ez edo pantomima bat muntatu dute” azaldu du Lopezek Euskalerria Irratian, “Lantalde batzuk antolatu dituzte, parte hartu dugu baina ez daude prest deus ere ez onartzeko. Gure betiko aldarrikapenek mahai gainean jarraitzen dute, lan zama murriztu, ratiok jaitsi, erosmen ahalmena berreskuratu eta plantillak egonkortu”.

Denborarekin egin dute greba deialdia. “Bi hilabete ditugu aurretik, baina badakigu denbora honetan hasiko direla datorren urteko aurrekontuak prestatzen” esan du Steilaseko ordezkariak, “Horietan eragin nahi dugu eta eskatzen ari garena aurrekontu proiektuan islatzea”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!