ARGAZKI GALERIA | Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraiki zuten frankismoaren esklaboen omenaldia, iruditan

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko eka. 24a, 09:48

Argazkiak: Jaxinto Gomez Viniegra.

1939 eta 1941 bitartean Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten frankismoaren 2.400 esklaboak omendu zituzten larunbatean, Igariko gainean. Errepresaliatu antifaxista haien memoriak gure bidea izan behar duela aldarrikatu zuten omenaldia antolatu zuen Memoriaren BIdea elkarteko ordezkariek.

Memoriaren Bideak elkarteak duela 20 urte egin zuen molde honetako lehen omenaldia, Igariko gainean. Duela bi hamarkada, 12 preso ohik jaso zuten omenaldia. Denak hil dira, baina halere urtero ehunka lagunek parte hartzen segitzen dute haien omenaldian: senideek, hainbat elkarte memorialistatako kideek, inguruotako bailaretako herritarrek.

2.400 errepresaliatuentzat egia, justizia eta erreparazioaren bila urratsak egiten segitzen dute, omenaldiaz harago. Aurten, konparaziora, Igari eta Bidankoze arteko errepidean esklabo moduan lan egin zutenen senideek kereila aurkeztu dute, hura gizateriaren aurkako delitua izan zela eta halakoak sekula ez direla iraungitzen argudiatuz. Epaileek atzera bota dute. Senideen izenean Valentin Esteban mintzatu zen, eta haren ondotik, kereila sustengatu zuen gehiengo sindikal guztiz zabalaren izenean, Sabino Cuadra.

Ekitaldian, halaber, hainbat elkarte memorialistak parte hartu zuten: Oiartzungo Kattin Txiki, Andaluziako Memoria Historiko eta Justizia, Madrilgo Los Barracones eta Frantziako VMRE. Azken elkarte horretako kide eta Gardeko erbesteratu baten alaba Chantal Penicautek ohartarazpen bat egin zuen: “Eskuin muturra, faxismoa, beste behin ere ate joka dugu, arrisku erreala da, datorren asteburuko Frantziako hauteskundeetara begira”.

Horren harira, Nafarroako Gobernuko Memoriaren Institutuko Josemi Gastonek esan zuen memoria historikoak ezinbestean antifaxista izan behar duela. Horretaz gain, gogora ekarri zuen 2015etik hona Nafarroako Gobernuak hainbat urrats egin dituela Igariko gaina bezalako hainbat leku memoria gune izendatzeko.

Hain zuzen ere memoria historikoak antifaxista izan behar duelako, omenaldiko hitzartze nagusia Yala Nafarroa Plaestinarekin plataformako bi kidek egin zuten: Mirian Bravok eta Ola Arafatek. Arafat gazatarra da, eta dagoeneko 50 senidetik gora galdu ditu azken hilabeteotako genozidioan. Elkartasuna eskertzeaz gain, mezu irmoa bota zuen: “Israelgo estatu genozidari aurre eginen diogu, eta Palestina aske izanen da, ibaitik itsasora”.

Urtero bezala, Txomin Uriarte preso bakiotarraren senideek hark bere garaian asmaturiko tangoa abestu zuten, omenaldiko unerik hunkigarrienetako batean. “Haien memoria, gure bidea”, laburbildu zuten antolatzaileek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!