Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak bidaia sinfonikoa eginen du Nafarroan zehar hainbat bazterretako dantza tradizionalak oholtzara ekarrita, Sinfonia Navarra eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren musikarekin ondu dute ikuskizuna. Ekainaren 30ean izango da Baluarteko Areto Nagusian, arratsaldeko 19:30.
Nora Urtasun Ortzadarreko dantzaria da eta “oso esperientzia berezia” izaten ari dela azaldu du. Gainera, “plazera da folklorea sustatzea, kasu honetan beste modu batean eta beste publiko batentzat. Oso polita da”, azpimarratu du.
Sanferminen giroa berotzeko ohiko hitzordua izango da Nafarroa Sinfoniarentzat, baina aurten, elkarlanean egitea erabaki dute. Eneko Azparren, Urtzi Iraizoz eta Mikel Abete musikagile nafarrek sortu dute musika eta Ortzadar taldeko 40 dantzariek dantzak moldatu eta ikuskizuna osatu dute.
50. urtemuga ospatzen ari da aurten Ortzadar eta ikuskizun honek “urtea borobiltzeko” aukera dela adierazi du Urtasunek. Gogorarazi du halaber, Ortzadar ez dela bakarrik dantza talde bat, “folklorea ere bada”.
Erriberako, Zaraitzuko, Baztango, Sakanako, Bortzirietako, Behe Nafarroako eta noski Iruñeko dantza tradizionalak, jantzi bereziak eta doinuak ikusteko aukera izango da beraz, ekainaren 30ean igandea, Baluarten. Dagoeneko sarrerak 17 euroan eskuratu daitezke.