Apezpikuekin bilera egiteari uko egin dio Elizaren Abusuen Biktimen Nafarroako Elkarteak

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko eka. 18a, 07:23

Elizaren abusuen txostenaren aurkezpena, artxiboko irudi batean.

Espainiako Apezpikuen Konferentzia erreparazio plana prestatzen ari da. Biktimen elkarteek plan hori haiekin mintzatu gabe egiten ari direla salatu du. Eta Luis Arguello artzapezpikuak ostiralean, hilak 21, bilera egiteko gonbita egin die, uztaileko lehen asteetan plana Frantzisko Aita Sainduari aurkeztu aurretik.

Haatik, estatuko lau biktima elkartek bilera horretan parte hartzeari uko egin diote. Haien artean Nafarroakoa dago, ANIR, Lula Cris eta Justice Initiative rekin batera.

Laurok ohar bateratua plazaratu dute. Hartan diote gotzainengan ez dakusatela aitortzarako, erreparaziorako eta indemnizaziorako borondate efektiborik. Salatu dutenez, gotzainek ez diete adierazi zor dieten errespetua haurrak zirelarik, haien pertsonalitatea osatzen ari zirelarik, indarkeria sexuala pairatu zuten pertsonei.

Nolanahi ere, Espainiako hierarkia eklesiastikoarekin negoziatzeko atea zabalik dutela gaineratu dute lau elkarteok.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!